Ondarroako araztegiko berritze eta konponketa lanak udan hasiko dituzte
Lanak urtebeteko epean gauzatuko dituzte. Proiektua esleitu barik dago, eta lizitazioaren zenbatekoa 1,2 milioi eurokoa da. Usaina kentzeko sistema egokituko duteBilbao Bizkaia Ur Patzuergoak jakitera eman duenez, konpontze eta hobekuntza lanak egingo ...
Lanak urtebeteko epean gauzatuko dituzte. Proiektua esleitu barik dago, eta lizitazioaren zenbatekoa 1,2 milioi eurokoa da. Usaina kentzeko sistema egokituko dute
Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak jakitera eman duenez, konpontze eta hobekuntza lanak egingo dituzte Ondarroako Galtzuaran baserriaren parean dagoen araztegian. Patzuergoko ordezkariek nabarmendu dutenez, proiektua lehiaketara atzeratzear daude, eta oraindik esleitu ez baldin bada ere, udan hasiko dituzte lanak. Aurreratu dutenez, lanak urtebeteko epean gauzatuko dituzte, eta lizitazioaren zenbatekoa 1.262.807, 03 euro izango da (BEZ aparte).Instalazioan egingo diren lanen helburua, oro har, araztegiaren «eguneroko funtzionamendua bermatzea» dela argitu dute. Hain zuzen ere, hainbat hobekuntza egingo dituzte 2009an eraikitako araztegian. Alde batetik, eraikin nagusiaren kanpoko eta barruko aldeak birgaituko dituzte. Araztegia labar baten gainean dago, itsasotik oso gertu, eta kresalak eta hezetasunak fatxadan eragindako kalteak konponduko dituzte, besteak beste.
Usain txarra
Bertan tratatzen den uraren ezaugarriengatik, gainera, beste konponketa batzuk egin beharko direla adierazi dute. Ur zikinen saretik datozen ur hondakinen gatz maila altuagatik azido sulfidriko eta beste gas batzuen maila handiak sortzen dira araztegian, eta horrek usain txarra sortzen du. Kexa asko sortu dute araztegiko usain txarrek, eta patzuergoko ordezkariek azaldu dutenez, gas horiek sortzea «ohikoa» da ur hondakinen arazte prozesuan. «Gas horiek, gehienbat, eraikinaren barruan sortzen dira; ur zikinen saretik datozen ur hondakinen gatz maila altuagatik sortzen dira gasak, tratatze aurreko eta desidatrazio guneetan, zehazki».
Horren harira, azaldu dutenez, egungo usaina kentzeko sistema egokituko da, bulkada eta xurgatze sistemarekin batera. Aldi berean, azido sulfidrikoa dagoen foko guztiak estaliko dira, eta tratatze aurreko eta desidratazio geletako airea berriztatuko da, «era egoki batean». Horrez gain, usaina kentzeko sistema berri bat ere instalatuko da itxita dauden espazioetan.
Bestalde, lokatzak desidratatzeko prentsa iragazkiak zentrifuga bategatik ordeztuko dituzte, eta modu horretara, araztegiraren ustiapenak eta mantenimendua hobetuko dira. Azkenik, kontrol sare eta elektriko berriak instalatuko dira, jarriko diren ekipo berriek «zuzen» funtzionatzeko.
5.930 metro kubiko
Araztegiak Ondarroatik eta Berriatutik datozen 5.930 metro kubiko ur hondakin eta zikin jasotzeko ahalmena dauka egunean. Bi tokitatik jasotzen dira urak: alde batetik, Berriatua, Gardotza industrialdeko eta Kamiñazpiko urak jasotzen dira, eta, bestetik, Ondarroako gainontzeko tokietatik.
Ura garbitzerako orduan araztegiak etxe eta enpresetatik jasotako ur zikinak bi tratamendutatik pasatzen ditu, tratatze fisiko-kimikoaren bidez. Modu honetara garbitzen dira urak: lehenengo tratamenduan uretan dauden objektuak kentzen dira mekanikoki, eta, bigarrenean, bakterioen bidez uretako zikin organikoak garbitzen dira; behin ura garbituta dagoenean, itsasora botatzen da.