Nepalen egindako lanak ikusgai jarriko dituzte Antsotegin
Lurrikararen ondorioz kaltetutakoei laguntzeko batu zuten diruagaz egindakoa ezagutzera eman nahi dute. Hilabetez egongo da ikusgai argazki erakusketa2015eko apirilean Nepalen gertatutako lurrikararen ondorioz egoera larrian geratu ziren familiei lagun...
Lurrikararen ondorioz kaltetutakoei laguntzeko batu zuten diruagaz egindakoa ezagutzera eman nahi dute. Hilabetez egongo da ikusgai argazki erakusketa
2015eko apirilean Nepalen gertatutako lurrikararen ondorioz egoera larrian geratu ziren familiei laguntzeko elkartasun erakusketa bat antolatu zuten Antsotegi hotelean. Orain, berriz, borondatea eman zuten guztiei esker egindako konponketak ikusgai jarriko dituzte, argazki erakusketa baten bidez.Antsotegi hotelekoek mendizale talde bategaz batera antolatutako elkartasun ekimenak 14.000 euro bildu zituen, 3.000 euro Antsotegin bertan, eta diru laguntza horregaz guztiagaz egindakoa erakutsi nahi diete orain, laguntasuna eman zuten guztiei.
Alde batetik, Martin Zabaletari Everesta igotzen lagundu zion xerparen familiaren etxea konpondu dute, eta bestetik, herri oso bateko teilatuak eraiki eta tenplu bat ere berreraiki dute. Prozesu hori guztia argazkietan jaso zuten, eta orain ikusgai egongo da hilabete osoan Antsotegi hoteleko hormetan.
«Herria berriztuta, nepaldarrak teilatuak eraikitzeko xaflak eramaten eta laguntza eskertzeko opariak ematen ikus daiteke argazkietan, besteak beste», azaldu du Antsotegi hoteleko Julen Hernandok.
Harreman estua
Antsotegi hoteleko familiak harreman estua dauka Nepalegaz. Izan ere, Emilio Hernandok Martin Zabaleta buru zuen Everestera egin zen lehenengo euskal espedizioan hartu zuen parte. Hori dela eta, lurrikara gertatu zenean berehala agertu ziren laguntzeko prest. «Oso pozik geratu gara emaitzagaz. Gainera, bertara laguntza ematera joan zirenei ere harrera oso ona egin zieten nepaldarrek, eta hori guztia partekatu nahi izan dugu borondatea eman zuten guztiekin», nabarmendu du Gontzal Hernandok.