Lurgorri auzo kultur elkarteak prozesu parte hartzailea hasiko du. Auzoko bizilagunen beharrizanei irtenbidea ematea eta uazoari bizitasuna ematea du helburu elkarteak. Hori dela eta, martxoaren 5ean batzar irekia egingo dute. 11.00etan eskola parean bilduko dira, eta ahalik eta bizilagun gehienen parte hartzea bermatu gura dute.
Elkarteko kide dira Azahara Martin Arias, Iker Ugarte Labaka eta Haritz Aramaio Bengoetxea. Azaldu dutenez, auzoa dinamizatu asmoz, hainbat jarduera egiten dituzte urtean zehar. Hala, auzo elkarteak biltzeko gune baten beharra ikusi zuen, eta Lurgorriko eskola horretarako aproposa dela deritzote. Gainera, ume eta gazteak ere biltzeko gune izan daiteke eskola.
«Proiektu bat aurkeztu genion udalari, eta proiektu horretan elkartetik bultzatu nahi genuenaren ideia jaso genuen; hau da, gizarte etxe bat egitea eskoletan», dio Ugartek. Eskola belaunaldi ezberdinak batzeko gune legez jasotzen zuen haien proiektuak, baita proiektu horizontalak bultzatzearen ideia ere: «Sukaldaritza tailerra, argazkigintza tailerra, dantza taldea sortzea… Auzokoek sortu nahi dutena, baina denok batera, elkarrekin eta espazio bateratuan».
Proiektu bat aurkeztu genion udalari, eta proiektu horretan elkartetik bultzatu nahi genuenaren ideia jaso genuen; hau da, gizarte etxe bat egitea eskoletan.
Proposamen horri udalak erantzunik ez zion eman, elkarteko kideek diotenez. Gaur egun, baina, eskola zabalik dago.?Hala ere, jubilatuek bakarrik dute gune hori erabiltzeko baimena.
Denentzako lekua.Auzo parte hartzailea gura du Lurgorri auzo kultur elkarteak. Hala dio Aramaiok: «Denentzako auzoa nahi dugu, ume gazte nagusientzako». Eta martxoaren 5erako deialdia asmo horri irtenbidea eman asmoz egin dute. Lurgorri auzo kultur elkartea aurkeztu, elkartea zer den, orain arteko ibilbidea azaldu eta gizarte etxearen inguruan duten proiektua aurkeztu gura diete auzoko bizilagunei. «Lurgorriko bizilagunek gure proiektuari buruz duten iritzia jaso gurako genuke, beraien ekarpenak batu.?Hala, denen artean proiektu berri bat idaztea litzateke helburua», Ugartek zehaztu duenez. «Auzotarren partetik zelako erantzuna dugun ikusi, eta proiektu bateratua adostuz gero, udalera joko genuke, proiektu berria aurkeztera», gaineratu du Aramaiok.
Izan ere, adinekoak batzeko gune bat beharrezkoa ikusten dute elkarteko kideek, baita eskola beraiek erabiltzeko ere izatea. Baina, diotenez, «pena bat» da eskolaren erabilera denen eskura ez egotea. «Gure proiektuaren barruan hasieratik jaso dugu nagusi, gazte zein umeentzako gune bat. Ez dugu zehaztu bakoitzak zein espazio hartuko zukeen, baina hori denen artean erabaki daitekeen zerbait da. Guretzat egokiena litzateke denak batera erabiltzea, baina egoki ikusiko ez balitz, espazioak banatu daitezke. Denentzako litzateke positiboa, eta irabazten aterako ginateke», azaldu du Aramaiok.
Gure proiektuaren barruan hasieratik jaso dugu nagusi, gazte zein umeentzako gune bat
Erantzunik barik. Eskola erabiltzeko proiektua aurkeztu zutenean erantzunik ez izatea, eta parke berriaren inaugurazioan eskola adinekoen erabilerarako irekiko dituztela jakinaraztea kritikatu du Martinek. Gogoratu duenez, sinadurak bildu zituzten auzoan, eta bertan zeuden beharrizanak identifikatu. «Udalean proposamenak aurkeztu genituen, eta erantzuna izan zen ez zutela guk proposatuko ezer egingo», dio.
Elkarteak bere aldetik, eta parkearen erabiltzaile diren gurasoak bestetik, eskabidea egin dute udalean, eskola erabili ahal izateko eta parkean egoki ikusten zituzten aldaketak egiteko. «Gaur gaurkoz, erantzunk ez dugu jaso», esan du Martinek.
Orain, bileraren bat egiteko eskola erabili gura duten bakoitzean baimena eskatu behar izaten dutela zehaztu du Martinek: «Ongi etorria ez zaren ingurune bat inbaditzen dugun inpresioa daukagu. Tristea da horrela ibili behar izatea», esan du.