Mikel Astelarra: "Pilotagaz eta Gernika Jai Alai Eskolagaz lotura estua eduki dut betidanik"
Zein da gaur egun zesta eskolak bizi duen unea? Etorkizuna badago? Hasiberrien taldean 6-7 urte bitarteko hamabost neska-mutil daude. Eskolarteko txapelketa jokatuko dutenetan, ume, benjamin, kadete eta gazte mailetan launa bikote ditugu, eta alebin mailan zortzi bikote daude. Halaber, afizionatuetan hamazortzi inguru dira. Guztira, 50 pilotaritik gora daude. Gaur gaurkoz, hiru neska daude; bata alebin mailakoa da, eta oso ondo jokatzen du, eta besteak hasiberrien taldekoak dira. Beti egon dira neskaren batzuk, baina probatu dutenei ez zaie oso erakargarri egin, antza. Zer edo zer egin beharko da jokatzen jarraitu dezaten. Gaur egun zure bi semeek hemen jokatzen dute, eta zeuk ere zestan hemen ikasi duzula aipatu duzu. Zelan gogoratzen dituzu garai haiek? Muxikatik institutura etortzen ginenean, 11-12 urtegaz, eguerdietan hona etortzen ginen arratsaldeko eskolak hasi aurretik entrenamenduak ikustera. Inguruetako herrietako kuadrilla ederra batzen ginen profesionalen zein eskolako mutilen entrenamenduak ikusten. Hortxe sartu zitzaidan probatzeko gogoa, eta hasi ere hasi nintzen, baina orduan jende asko zegoen, eta ez zegoen modurik guztiok entrenatu ahal izateko. 12 urtegaz hilabete batzuk egin nituen hemen ikasten. Ehunka ume zeuden, eta jarraipen bat egin ahal izateko eskoletara huts egin behar zen. Beste alde batetik, gure sendian ere egon dira pilotariak. Oar-Artetatarrak gure lehengusuak dira, eta haien bizi esperientziatik ezagutzen genuen zesta mundua. Ez da lehenengo aldia pilota eta irratigintza uztartzen dituzula. Kirol esatari ere izana zara. Urte askoan egon naiz kirol irratsaioetan, bai eta pilota txapelketak ematen ere. Hemen 91ko Munduko Txapelketako partidak irratirako zuzenean eskaini nituen. Zesta, esku pilota eta pala partidetan aritu nintzen esatari. Eta hemendik kanpo, AEBetan, Kuban, Iruñean edota Bartzelonan ere egon izan naiz irratiko kirol tarterako pilota partidak ematen.“Nahiz eta batzuk kargu batzuk izan, denok gaude lanean; sendi bat gara”
Zestaren loraldia zein gainbehera ezagutu dituzu. Zelan ikusi duzu bilakaera hori? Orduan boom-a izan zen. Esaterako, hemendik 300dik gora pilotari atera dira AEBetara, Indotxinara, Italiara edo zesta jokatu den leku askotara. Pilotari profesional onak irten dira hemendik, eta tartean, munduko txapeldunak; bere emaitzak eman ditu eskola honek. Frontoi hau sortu zuen enpresak Floridako eta AEBetako beste leku batzuetako enpresekin hartu-emana zeukan. Eta lanerako irtenbide garrantzitsua izan da Gernikako frontoia, bai pilotari zein zestagileentzat. Garai hartan zestak egiten hainbat jende zegoen hemen. Gero, denok dakigu zestak beherakada handia jasan zuela; ez zestak bakarrik, palak, erremonteak etab. Beste kirol mota batzuk sartu dira tartean, eta pilotak modalitate guztietan egin du beherantz. Esku pilota hobeto dabil, telebistari eta enpresa batzuei esker. Beherakadak eragina izan al du eskola honetan? Duela 4-7 urte beherakadatxoa egon zen, eta orain dela pare bat urte hasi da igotzen. Momentu txarretan gure eskolak eutsi egin dio. Zuzendaritza taldearen lanari, eta batez ere Gonzalo Beaskoetxeari esker, bera da hemengo bihotz eta buru, mantendu da zesta eskola. Orain gorakadatxo bat datorrela nabaritzen da, eta ilusio handiagaz gaude. Hainbat jende dago lanean zeregin horretarako; denon artean apur bat altxatzen doala esan liteke, eta hori eskoletan ikusten da, esate baterako, hemen, Markina-Xemeinen, Berriatuan edota Lekeiton. Gorakadatxo bat ikusten da bai afizionatu munduan eta baita profesionalean ere. Euskal Herrian aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, bai afizionatuen munduan Xisteraren sorreragaz, eta baita profesionalen munduan ere bi enpresa daudelako eta lehiakortasun handiagoa dagoelako. Eta horri esker jaialdi politak ikusi ditugu azken bi urteetan. Floridatik eta Mexikotik ere badatoz albiste on batzuk. Horietan frontoia konpondu eta zabalduko dute. Zale askoren kexa da zestak ez duela behar besteko lekurik komunikabideetan. Salaketa hori egon badago? Badago bai, eta salatu behar da. Komunikabideek saltzen dena eskaintzen dute. Telebistan batik bat futbola eta saskibaloia dira nagusi; desoreka ikusten da. Nolabait esateko, irentsi egin dute kirol mundua, eta beste kirol motak umezurtz geratu dira; haiek daramatzate minutu zein publizitate gehienak eta babesle garrantzitsuenak. Esku pilotan lan eta esfortsu handia egin dute federazioak, enpresek etab, eta horri esker bizirik darrai. Komunikabide guztiei eskatu behar zaie esfortsua egitea. Telebistan, esaterako, goizaldean edo ikus-entzule gutxi dauden orduetan eskaintzen dituzte zesta, pala edo erremonteko partidak. Aurretiaz grabatutakoak eman ordez zuzeneko partida batzuk, behintzat, eskaintzeko esfortsua egitea eskatzen zaie. Gure kirola da, eta sarri ikusten ditugu ikuslego handia dagoen orduetan golfa edo beste kirol batzuk, eta horiek ez dut uste ikuslego kopuru handia dutenik Euskal Herrian. Inbertsio bat egin behar da pilota altxatzeko. Apustu hori egin, eta ondoren, ikus entzulegoak erantzungo du.“Irrati esatari moduan, partida asko eman ditut zuzenean frontoi honetatik”