Elantxobeko udalak herriko garapen sozioekonomikoa suspertzeko lanean aurrerapausoak eman ditu
Barikuan (hilak 17) egindako osoko bilkuran, besteak beste, aurretik zehaztuta zituzten zenbait proiekturi buruzko erabakiak hartu zituzten.
Abenduaren 2ko osoko bilkuran Atalaya 4 eraikina (bi solairu ditu) turismorako erabiltzea erabaki zuten. Zehatz esateko, turistentzat etxebizitzak alokatzen dituzten enpresaren bati alokatzea adostu zuten, eta aurkeztu den enpresa baten proposamena onartu zuten barikuan. Halaber, hilean etxebizitzako 220 euroko alokairua zehaztu dute.
Atalaya kaleko eraikinak sei urte daramatza hutsik, eta beraz, alokairura bideratu aurretik, etxebizitzak zaharberrituko eta konponduko dituzte, eta konponketa lanak ere onartu dituzte hilabete honetako osoko bilkuran. Udalak eta eraikina alokatzen duen enpresak erdibana ordainduko dituzte lanak (udalak ez du ordainduko, alokairutik deskontatuko dute), eta horiek burutzeko lau hilabeteko epea zehaztu dute.
Proiektu honegaz “noizbehinkako kalitatezko turismoa” bultzatu gura du udalak, eta azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jasoko du, azaroaren 29ko 164/2016 Foru Dekretuaren bitartez: “Gure herriko garapenaren alde egiteko aurrera egitea da helburua. Elantxobek dinamizazio turistikoaren alde doala erakutsi behar du, eta horretan inbertitzeko gai dela. Horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik goaz. Adi gaude diru laguntzen dekretuei, eta ematen dizkiguten diru-languntzen bitartez babestuta sentitzen gara”.
Begiratokiko egokitze lanak
Era berean, Talaiako Begiratokia konpontzea ere onartu dute. Bertako umeen parkea zein sarbideak egokitu eta hiri-altzariak eraberritu edo aldatuko dituzte, eta horregaz batera, askarirako gune bat egingo dutela jakitera eman dute. Eskaintzen duen ikuspegi ederragatik, elantxobetarrentzat zein bisitarientzat aisialdiko “erreferentziazko gunea” izatea gura dute.
Gainera, antzina baleak begiztatzeko lekua izan zen, eta udalaren asmoa da Bale Talaiak deritzon proiektuaren parte izatea (talaiak eta haien eginkizunak ezagutara eman, eta bide batez ibilbide politak proposatzen ditu Euskal Herri mailako proiektu honek).
Kiroldegiko 2. fasea
Bestalde, kirol jarduera suspertzeko bigarren fasea onartu zuten barikuan. Fase horretan kirol ekipamendua jarriko dute, eta horretara 53.759,72 euro bideratuko ditu Elantxobeko Udalak. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapenerako eta Azpiegituretarako Sailagaz diru laguntza kudeatu du.
Lehenengo fasean udal kiroldegia egokitzeko lanak burutu zituen udalak. Eraikina bi gunetan banatu dute, bata udal kiroldegia izango da, eta bestea herriko kirol elkarteen gunea.
Halaber, 2017ko Ibilgailuen Gaineko Zerga ere onartu dute, eta aurreko urteetako prezio berak mantenduko dituzte.