Busturialdean gero eta gehiago dira apirilaren 2an erabakitzeko eskubidea gauzatuko duten herriak. Errigoitik eta Ajangizek ere galdeketa egiteko behar besteko sinadurak bildu dituzte.
Ajangiztarrek behar besteko sinadurak batu dituzte
Gernika-Lumon ere sinadurak batzen ibili dira asteburuan, zapatuan eta domekan. Bestalde, Busturialdeko herrietan apirilaren 2ra ahalik eta babes handienarekin heltzeko martxan dabiltza; gutxieneko sinadurak bilduta eduki arren, herritarren parte hartzea ere bilatu gura duelako Gure Esku Dago ekimenak.
Horregatik, kalera atera eta ekimen herritarrak egin dituzte han eta hemen. Foruan, esaterako, auto karabana egin zuten domeka eguerdian. Ostean, sinadura bilketaren amaiera ekitaldian batu ziren herritarrak, eta kantu poteoan heldu ziren bazkalordura. Muruetan, sinadurak batzeagaz batera, txitxiburduntzi eta zozketa ere egin zituzten atzo.
Ean, berriz, Natxitua, Ea eta Bedaronako bizilagunak bildu ziren zapatuan, ekimen berezia egiteko. Kalejira, Gure Esku Dago abestiaren grabazioa, argazkia eta txokolate jana izan ziren, egun osoko jai giroari eutsiz.
Atzerakontua. Mendatako eta Foruko bizilagunak apirilaren 2rako falta diren egunak kontatzen hasiak dira dagoeneko. Horretarako, atzerakontua irudikatzen dituzten panelak jarri dituzte bi herriotako erdigunean. Hala, egunero-egunero zenbakiak aldatzen joango dira.
Atzerakontua Mendatan
Bermeon, apirilaren 2ari begira, hautesmahaietan egoteko presidente eta bokalak behar dituztela gogoratu eta izena emateko deia egin diete heritarrei. Boluntario modura horretarako prest dauden herritarrak
Gure Esku Dago-k Goiko Plazan duen lokalean eman dezakete izena. Jakinarazi dutenez, boluntarioek NAN txartelaren fotokopia bat eraman beharko dute.
Azken egunetakoak atzean utzita, hurrengo asteburuan ere olatua astintzeko ekitaldiak izango dira Busturialdeko herrietan, eta deiadiei adi egoteko eskatu du Gure Esku Dago ekimenak.