Gernikako udal langileak negoziazio mahaia biltzeko protestekin hasi dira
Datozen egunetan udal arduradunen erantzunik ez badute, hurrengo astelehenean ere elkarretaratzea egiteko asmoa agertu dute
Gernika-Lumoko Udaleko langileek protesta egin dute gaur goizean, udaletxe aurrean. Udaletxeko langileak ez ezik, udaleko kirol patronatuko, turismo arloko, kultur etxeko, kiroldegiko, musika eskolako,Lanbide Ekimeneko, udal euskaltegiko eta udaltzaingoko langileak ere batu dira elkarretaratzean. ELA eta LAB sindikatuek deituta, protestekin hasi dira langileak. Azaldu dutenez, badira sei-zazpi hilabete udaletxeak lanpostu publikoen balorazioaren emaitzak onartuko edo eztabaidaituko zituela agindu zienetik. Lanpostuen errekonozimendua gura dute sindikatuek. Hala ere, oraindik ez dute udal arduradunen berririk izan.
ELA eta LABeko ordezkariek esan dutenez, udalak maiatzerako agindu zien lanpostuen egoerari irtenbideren bat emateko proposamena mahai gainean jarriko zuela, baina, gaur gaurkoz ordaindik proposamenik ez dute. Eseritzea eta eztabaidatzea. Hala, mobilizazioekin hasi dira, udal arduradunak beraiekin eseri daitezen exijitzeko. LABeko ordezkaria Xabier Gerrikabeitiaren esanetan, “guk badakigu administrazioaren oinarria langileak garela, guk bermatzen dugulako herritarrari zerbitzu ona ematea”. Beraz, langileen eskakizunei jaramonik ez egitea kritikatu du. “Gurekin eseritzea eskatzen dugu, ez besterik. Lanpostuen balorazioa mahai gainean jartzea eta gure eskakizunak eztabaidatzea”, esan du. Datozen egunetan udal arduradunen erantzunik eduki ezean, hurrengo astelehenean ere elkarretaratzea egiteko asmoa agertu dute. Gaur arratsaldean, berriz, musika eskolako langileek lanuztea egingo dute, protesta egiteko. Horrez gain, datorren asteko osoko bilkuran mozioa aurkezteko asmoa dute bi sindikatuek. Joan den astean pankartak jarri zituzten, baina udalak kendu egin dituztela salatu dute, udal eraikinetan pankartarik ezin dela jarri argudiatuta.