Gernika Rugby Taldeak ezin hobeto hasi du liga; bitik bi garaipen eskuratu ditu. Atzo eguerdian Bera Beraren kontra lehiatu zuen Euskal Ligaren 2. jardunaldia, eta 32-0 nagusitu zen.
Ondorioz, Euskal Ligaren B multzoko sailkapenean bigarren postuari eusten dio talde gernikarrak. Marzola RC Rioja taldeagaz hamar puntugaz berdinduta dago (gernikarrek bi entsegu dituzte kontra, eta errioxarrek bat ere ez). Hain zuzen ere, talde errioxarra izango da hurrengo aurkaria, eta beraz, irabaziz gero, basurdeek lehenengo postua eskuratuko dute.
Argazkia: Aitor Lauzirika
Martxoaren 4ean jokatuko dute Errioxan, eta orain arteko partidarik lehiakorrena izango dela azaldu dute Gernika RTko jokalariek. “Partidarik gaitzena izango dela badakigu, baina, gogo handiz gaude”.
Bera Bera da Euskal Ligaren B multzoko sailkapenean azkena, eta haren kontrako partida erraz irabazteko modukoa zela argi zuten Gernika-Lumoko taldeko jokalariek. Hala ere, emaitza hobea lortzeko aukera ez zuten nahi moduan aprobetxatu: “Ondo jokatu genuen, baina, erlaxatuta zelairatu ginen, eta jarrera lehiakorragoa falta izan zitzaigun. Askoz hobeto egin ahal izan genituen gauzak”.
Argazkia: Aitor Lauzirika
Baina, garaipenagaz pozik daude, eta Urbietan izandako giroa nabarmendu dute. Izan ere, harmailak beteta egon ziren atzo, eta bi taldeetako zaleek gogor animatu zituzten beren jokalariak.
12-0 amaitu zuten lehen zatia, eta bigarren zatiko lanari esker, aldea areagotu zuten. Libek lortu zuen partidako lehen entsegua, eta Batirtzek arazorik barik transformatu zuen. Hain zuzen ere, Libek beste bi entsegu lortu zituen, eta Goirik, Lukek eta Mariak egin zituzten etxekoen beste entseguak.