Jainkoei edo birjinei arrisku uneetan laguntza ematea eskertzeko emandako opariak ziren boto-eskaintzak. Horren testigantza dira itsas tradizioko elizetan gorde diren boto-eskaintza ugariak. Horietako asko
Bermeoko Arrantzalean Museoan ikusgai jarri dituzte,
Bizkaiko boto-eskaintzak, itsasoko sinismenak erakusketan.
Ekainaren 4ra bitartean bisitatu ahalko da erakusketa.
Xabier Armendariz itsas historialaria eta etnografoa da Bermeoko Arrantzaleen Museoan dagoen erakusketaren komisarioa. Azaldu duenez, erakusketak 2005. urtean du oinarria. Bizkaiko boto-eskaintzei buruzko inbentarioa egin gura zuen, eta diru laguntza baten bitartez, inbentario horren zati bat egiteko aukera eduki zuen. Hala ere, erakusketan ikus daitekeena
hamar urteko lanaren emaitza dela dio. Gaur arte,
era askoko jatorria duten 130 objektu batu ditu inbentariora, eta Bizkaiko baselizetan eta elizetan daude, bai eta museo eta bilduma partikularretan ere. Guztiak ez, baina
horietako asko ikusgai jarri ditu Arrantzaleen Museoan.
I
tsasoko boto-eskaintzak kultura arrantzalearen parte direla dio, eta horregatik erabaki zuen horiek aztertzea.
Itsasoko boto-eskaintzetan
hiru motakoak daudela azaldu du erakusketaren komisarioak. Alde batetik, egikera eta xehetasun maila ezberdineko
itsasontzien maketak daude; eta, bestetik,
margolanak daude; «horiek naturalismo handiz deskribatzen dituzte arrantzaleek bizi izandako ekaitzak eta arrisku uneak». Margolanek kondairak ere badituztela jakinarazi du.
Hala ere,
arrantzale umilenek, margolanik edota maketak egiteko dirurik ez zeukatenez,
ahal zutena eroaten zutela dio Armendarizek: arraunak, buiak, arrainen hezurdurak… «Nabarmentzekoak dira eliza askotan ur bedeinkatua jartzeko erabiltzen diren tridacna gigasen maskorrak; horiek ere, boto-eskaintzak dira», azaldu du.
Itsasaldekoak ospetsuenak. Itsasoko jendearentzat santutegi ospetsuenak itsasalde ingurukoak izaten zirela dio Armendarizek; beste batzuk, berriz, talaietan edo itsasaldeko gailur gailenetan daude kokatuta: esate baterako, Berriatuko Santa Kurutzen, Eako Talako ama edo Gaztelugatxeko San Juanen.
Euskal arrantzaleen artean
tradizio gehien duen itsas santuetegietako bat da Gaztelugatxeko San Juango baseliza. «Antzinatik hurbileko herrietako arrantzaleek erritual ederrak egin izan dituzte baselizaren aurreko uretan.
Gaur egun oraindik,
modu isilagoan eginda ere, askok
erritual horiek egiten jarraitzen dute. Esate baterako, arrantzan egitera atera aurretik, itsasontziekin birak ematen dituzte ababorrera eta istriborrera, San Juani babesa eta zorte ona eskatzeko», azaldu du Armendarizek. Gaur egun, hala ere, boto-eskaintzak «itsasora joan orduko» egiten direla aipatu du, eta
«badaezpadakoak» izaten direla nabarmendu du.
Gaztelugatxeko baselizan ikus daitezke antzinako boto-eskaintza ugari. Hainbat dira eskegita dauden itsasontzien maketak. «Jendeak jakin behar du horiek ez direla apaingarriak. Arrantzaleren batek egindako eskaintza bat dela jakin behar dute, itsasoan zerbait gertatu zelako».
Boto-eskaintzak eta itsasoko sinismenak aztertzen hasi zela dio, «
objektu horien guztien atzetik istorio ugari daudelako; itsasoko, arrantzaleen edota familien istorioak daude». Istorio «harrigarriak» direla azaldu du, gainera, «objektuen inbentarioari esker berreskuratzea lortu ditugunak».
Erakusketan ikus daitekeen Bizkaiko boto-eskaintzarik zaharrena 1768. urtekoa da; Pobeñako (Muskiz) Nuestra Señora del Socorro baselizakoa da.
Jendeak erakusketa bisitatzea gura du Armendarizek; haren iritziz, orain arte eduki duten
ideia ezberdin bategaz aterako dira museotik. «Merezi duela uste dut».
Bisita gidatuak
Lekuak mugatuak direnez, aldez aurretik eman behar da izena, 94-688 11 71ra deituta edota arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita.
Martxoak 16 (eguena). 19:00etan.
Apirilak 20 (eguena). 19:00etan.
Maiatzak 18 (eguena). 19:00etan.