EH Bilduk udalak informazioa emateko darabilen «iluntasuna» salatu du
Mundakako EH Bilduk udal gobernuaren «informazio eza» salatu du. «Kudeaketa iluna da, gardentasunik gabekoa, eta ondo funtzionatzen duela erakutsi gura dute herrian».
Batzordeetara gaiak erabakita eramaten dituztela kritikatu dute, «eztabaidarako aukerarik eman barik», esan du EH Bilduren zinegotzi Andoni Longartek.
Esaterako, Erreka auzoan, antzinako harrobian egingo dituzten babespeko 24 etxebizitzen harira, EH Bilduk oraindik ez daki etxebizitzek edukiko duten prezioa, eta horiek izango dituzten neurriak. Diotenez, jarraipen batzordearen barruan badaude ere, «oraindik ez dira bildu, eta udalak ez die datu gehiagorik eman».
Koalizioak dituen datuen arabera ez diete zerrendarik eman, 36 lagun egon daitezke izena emanda. Hala ere, «erne» egongo direla diote, «eskatu dituzten baldintzak zehatz-mehatz bete daitezen».
Aurrekontua
Beste alde batetik, Longartek azaldu duenez, 2017rako aurrekontua ere aste honetan bidali diete, eta barikurako beraien proposamenak aurkeztea gura dute. «Ez daukagu astirik. Beti jokatzen dute modu berean, gure kexak aireratzen ditugunean eta herritik zabaltzen ditugunean hasten dira korrika».
Saihesbide berriaren inguruan lurren jabeek daukaten «informazio eza» ere salatu dute; «ondoeza nabaria da beraien artean», diote. «Udal arkitektuagaz eduki zuten bileran jaso zuten informazioa oso eskasa izan zen. Kaltetuen galderei ez zieten erantzun egokirik eman», esan dute.
Larrinaga jauregia aipatuta, berriz, jauregiaren ondoan dagoen etxea eraisteko agindua zein enpresari eman alkatetza dekretu bidez egin zutela jakinarazi du EH Bilduk, «Hirigintza Batzordetik pasatu barik». Udaleko teknikarien bidez jakin ahal izan dute, berriz, eraispenaren ondorioz Kale Nagusia ez dela kaltetuko; «obra hondakinak Geltoki kaletik aterako dituztela esan digute». Hala eta guztiz ere, gai horren inguruan «mesfidantza» da nagusi.
Basamortun ere, udalak «hanka sartze handia» egin duela aipatu dute: «Gune horretan etxebizitza pribatuak eta jatetxe ospetsu bat egin gura dituzte. Hala ere, udalaren lursailaz gain, beste jabe batzuen lursailak ere badaude. Lehiaketa publikora ateratzerako orduan, baina, ez zituzten beste jabeak kontuan eduki, eta horiek helegitea jarri zuten. Diotenez, akordioren batera iristen ari dira. Hala eta guztiz ere, lehiaketara atera aurretik, lurrak berriz kalifikatu beharko dituzte».
Gogorarazi gura izan dute, gainera, udalean idazkaririk barik daudela urritik: «Oso garrantzitsua da udal batean idazkariaren lana. Gauza asko izapidetu barik daude, idazkaririk ez dagoelako. Esate baterako, udaltzainen hiru lekuak betetzeko deialdia geldirik dago, nahiz eta 2016ko abuztuan argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Ez dago inor idazteko».
Garbitasuna
Beste alde batetik, «baliabide zein ordutegi aldetik dagoen prekaritatearen ondorioz, herria gero eta zikinago» dagoela nabarmendu dute. Palak eta erratzak haize makinengatik ordezkatu dituztela diote, eta horiek, garbitu beharrean, zikinkeria batetik bestera baino ez dutela mugitzen, ondoren xurgagailuaz garbitzeko.
Makinak, gainera, Alde Zaharrean ez direla sartzen jakinarazi dute, eta gutxitan garbitzen dela. Egoera «onartezina» dela salatu dute, eta garbiketa zerbitzuaren pribatizazio prozesuaren ondorioz datorren arazoa dela gaineratu dute. Arazo horien guztien inguruan berba egin ahal izateko zerbitzuen batzordeagaz bilera eskatu dutela esan dute.