Udalaren kudeaketaren berri emateko agerraldia egingo du Bermeoko alkateak
Eguaztenean izango da, 19:30ean, Nestor Basterretxea aretoan.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azken hilabeteetan udalak egindako kudeaketen berri eman gura die herritarrei. Kudeaketaren berri emateaz gain, martxan jarri dituzten proiektuak azalduko ditu eta etorkizunean egin beharrekoak ere zehaztuko ditu.
Alkateak azalpenak eman ostean, bertaratutako guztiek euren iritziak, galderak eta kezkak adierazteko aukera edukiko dute. Jakinarazi dutenez, horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko dira Bidegurenegaz batera aretoan egongo diren udal gobernuko kideak.
Udalaren agerraldi horren helburua “herritarrek Bermeoko Udalaren egoerari eta kudeaketari buruzko informazio zuzena, gardena eta lehen eskukoa” izatea dela azaldu dute.
Hala, udaleko ordezkariek herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, “Bermeo, gure herria, denen artean eraikitzeko”.