Martitzenetik eguenera, Julia Lanasen auziagatik epaileak deklarazioa hartuko die 27 ertzaini, Gernika-Lumoko epaitegian. Lanasen abokatu Aitor Amutiok azaldu duenez, akusatu modura deklaratu beharko dute 15 ertzainek, eta lekuko modura 12k.
Aste honetako auzi saioen bitartez, 2014ko abenduaren 15ean Jone Amezaga errigoitiarra atxilotu zutenean Julia Lanas andrea nork zauritu zuen argitu gura du epaileak. Izan ere, Amutiok argitu duenez, polizia operazio horretan, orduan 95 urte zituen andrea lurrera bota eta zauritu egin zuten, Gernikako merkatu plazan erosketak egiten ari zenean.
Akusazioaren abokatuak gaineratu du, plazan saltzailea zen andreari ere deklarazioa hartzeko eskatu zuela 2015eko martxoan. Hala ere, momentuan eskaera hori ez zuen onartu epaileak, eta Auzitegi Probintzialean helegitea jarri ostean, merkatuko saltzaileari deklarazioa hartzeko agindu zion Auzitegi Probintzialak Gernika-Lumoko epaileari. “Hala ere, denbora asko pasatu da, eta lekuko hori hil egin da”, aipatu du abokatuak.
Besoa hautsita eta hanketan zauriak izan zituen Lanasek
Jone Amezaga atxilotzeko polizia operazioan parte hartu zuten zenbait ertzain identifikatu zituen abokatuak, eta haiei deklarazioa hartzeko eskatu zion epaileari. Eskaera onartu, eta 2016ko urrian deklaratu behar zuten epailearen aurrean. Hala ere, saio horiek atzeratu egin zituzten, ertzainen identifikazio zenbakiekin arazoak egon zirelako. Epaileak, Amezagaren atxiloketan parte hartu zuten ertzain denen identifikazioak eskatu zizkion Ertzainburuari, eta horiek denak deklaratzera deitu ditu.
Bihartik etzira. Bihar bederatzi poliziak deklaratuko dute epaitegian; denak ere, akusatu modura. Eguaztenean, sei izango dira akusatu modura deklaratuko dutenak, eta lau lekuko modura. Eguenean deklaratu behar duten zortzi ertzainak lekuko modura deitu ditu epaileak.
Amutiok azaldu duenez, deklarazioak hartu ostean erabakiko du epaileak ertzainen bat inputatzeko arrazoirik dagoen eta auziagaz aurrera egin, edo kasua artxibatzen duen.
2014ko abenduaren 15ean, Gernika-Lumoko merkatu plazan geratatutako istiluetan, lurrera bota zuten Lanas, eta, ondorioz, besoa hautsi eta zauriak izan zituen hanketan. Hori dela eta, Ertzaintzaren kontrako salaketa jarri zuen Lanasek 2015eko martxoan.
Julia Lanasen sendiarekin hitz egiteko aukera izan zuen
BERRIA egunkariak. Lanasen semeetako batek egunkari horri adierazi legez, familiak ez du esperantza handirik; Euskal Herrian halakoak«askotan» gertatu direla eta «beti» zigorrik gabe amaitzen dutelako.