Izurde marradun bat agertu da asteburuan Laga hondartzan:
Stenella coeruleoalba espeziekoa, arra eta heldua.
Atzo goizean izan zuen Ambar elkarteak izurde horren berri, SOS Deiak-ekoen deia jaso zutenean. Hala,
elkarteko hiru kide bertaratu ziren, izurdea aztertzekotan.
Beraien lanak bukatuta, plastikoagaz bildu zuten izurdea AMBARekoek, garbiketakoek jaso zezaten. Argazkia: AMBAR Elkartea.
Hilik zegoen itsasertzean izurdea, eta hondarretara lekualdatu zuten, mareak arrastaka eraman ez zezan.
Behin hondarretan, ikuste-azterketa egin, eta
neurri biometriko egokiak hartu zizkioten.
Ostean, nekropsia egin zioten, gerora gorde eta analizatzeko erabiliko zituzten organo garrantzitsuenen laginak hartuta.
Ambarrekoek beraien lana bukatuta, plastikoagaz bildu zuten izurdea, eta bertan utzi zuten, garbiketako arduradunek jaso zezaten.
Ambar elkartekoen arabera,
ez zegoen ondo elikatuta zetazeoa; hala ere, 75 kilo baino gehiago pisatzen zuela uste dute.
Oraindik izurdearen heriotzaren arrazoia zein den argi ez badago ere, Ambar-ekoek aurreratu dute,
animaliaren tamainagatik eta hortzeriagatik adin aurreratuko izurdea zela.
Itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkarteak eskerrak eman dizkie 112ra deitu zuten surflariei eta animalia mugiarazten lagundu zietenei.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean, beste hainbatetan agertu izan dira izurdeak hilik. 2012ko otsailaren 20an, esaterako, hiru izurde aurkitu zituzten Ean, Natxituko Lapatzan. Bi egun lehenago ere, Mundakan agertu ziren beste bi Laidatxu hondartzan, hilik kasu hartan ere. Eta otsailaren 11n Mutrikuko portuan agertu zen 2 metroko izurde bat hilik. 70- 80 kilo bueltan pisatzen zituen. Gurutze Gorriko arduradunek jaso zuten, hurrengo egunean.
Lagan bertan ere, 2011ko abenduaren 29an, hondartzako eskumako aldeko haitzetan aurkitu zuten luzeran 3 metro eta 15 zentimetro zeuzkan izurdea. Arnasa hartzeko zuloaren inguruan arpoi bat sartu zioten.
Urteko sasoi honetan jotzen dute, batez ere, hondoa izurdeek euskal kostaldean. Neguko den- boraleek, tenperaturaren jaitsie- rak eta iparreko haizeak izaten dute eragina horretan.
Hilik ez ezik, bizirik ere sarritan ikusi izan dira zetazeo mota horiek bertoko kostaldean; esaterako, Bermeon, Elantxoben, Lekeition zein Ondarroan.