Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuagaz, Bizkaiko Taldekakoa jarri du martxan gaur [otsailak 13] Bizkaiko Bertsolari Elkarteak.
30 taldek eman dute izena Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, bertso eskolak eta eskualdeak aktibatzeko antolatu duen txapelketa berrian. Busturialdeak sei talde izango ditu norgehiagokan.
Taldekakoa giro informalean eta
jai giroan gauzatzea du helburu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta batez ere, bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztu, eta arrazoi desberdinengatik ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez daukatenei beste aukera bat eskaini nahi diete. Horrez gain, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera ere bultzatu eta eskualdeen arteko harremana sendotzea dute asmoa.
Malen Amenabar Larrañaga bertsolari eta ilustratzaileak egin duen Taldekakoaren irudia. Iturria: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Taldeak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza izango du 200 parte hartzailetik gora bilduko dituen txapelketak. 30 talde dira guztira, eta taldeak, gutxienez, sei lagunekoak dira. Horrela, saio bakoitzean hiru bertsolari, gai jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat egongo dira.
Hurrengoak dira Busturialdeko talde bakoitzeko
parte hartzaileak:
- Buruz-buru. Mikel Retolaza, Koldo Gezuraga, Beñat Bilbao, Lore Barrena, Nagore Beitia, Ander Arrien.
- El Consorcio. Onintza Enbeita, Txiplas, Ibon Ajuria, Moises Enbeita, Zihara Enbeita, Obieta.
- Lurgorri. Julen Erezuma, Gurutz Uruburu, Xabier Enbeita, Jon Rementeria, Iñaki Gonzalo, Antton Gorriño.
- Ordekan S.L. Ander Elortegi, Ibai Amillategi, Eneko Aldana, Iñaki Aurrekoetxea, Leire Garatxena, Roke Alberdi.
- Otsoko. Julen Ibarguengoitia ‘Po’, Unai Agirre, Lurdes Ondaro, Bixente, Alain Kubero, Larru.
- Urune. Asier Galarza, Aitor Etxebarria- Zarraga, Jon Arano, Koldo Muniz, Jose Antonio Aranburu ‘Natxi’, Mikel Bilbao.
Talde bakoitzak epaile bat edukiko du kanporaketa bakoitzean, baina horrez gain, publikoaren iritzia ere kontuan hartuko da. “Saio bakoitza puntuatzeko hiru taldeetako epaileen balorazioa gehi publikoaren balorazioa hartuko dira kontuan. Saio bakoitzaren ondoren, hiru taldeetatik ze taldek egingo duen aurrera erabaki beharko dute denen artean”, azaldu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.
Saio bakoitzeko gaiak, bestalde, hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.
Egitura. Hiru fase edukiko ditu Taldekakoak. Lehenengo fasea gaur hasi eta apirilaren 3a bitarte jokatuko da, bigarren fasea apirilaren 24an hasiko da eta maiatzaren azkenera arte luzatuko da, eta finala ekainaren 3an jokatuko da Bizkaiko eskolarteko finalagaz batera.
Guztira hamar kanporaketa egongo dira lehenengo fasean, bigarren fasera hamar talde pasatuko dira, eta finalera hiru talde ailegatuko dira.”Kanporaketa gehienak hiru taldeka jokatuko dira, eta talde batek egingo du hurrengo fasera saltoa. Kanporaketa bakoitza hiru saio laburrek osatuko dute: lehenengo taldea bigarrenaren kontra, bigarrena hirugarrenaren kontra, eta hirugarrena lehenengoaren kontra. Saio bakoitzeko talde batek egingo du aurrera”.