Gernikatik Gernikara, gernikarrengandik gernikarrentzat. Sare Gernika-Lumok argi du: Guztien artean, aterabidea posible egin nahi du, dispertsioarekin bukatu nahi du, “
giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde” dagoelako.
Sufrimenduaren atea itxi gura du, eta, era berean,
esperantzari leiho bat zabaldu. Horretarako, lanean dihardu.
Oihana Cabellok eta Gurutzne Basterretxeak aurkeztutako ekitaldi labur batek hasik zuen ‘Aterabidetik’ ikus-entzunezkoaren estreinaldia
Justizia zigorra, mendekua, gizakiaren eskubide urraketa, sufrimendu handia, injustizia, egoera latza… Hamaika berba eta adierazpenez adierazi dute Gernika-Lumoko bizilagunek dispertsioak suposatzen eta eragiten duena.
Sarek, bere aldetik, herritarrekin puzzle bat sortu du, eta parte hartzaile bakoitzak bere ekarpena egin du, bere begirada eskaini du, bere pieza jarri du. Hala, horien guztien artean, hainbat eta hainbat gernikarrek pairatzen duten errealitatea erakustea helburu duen ikus-entzunezkoa sortu dute;
amaitu beharreko erralitate baten erradiografia egin dute. Eta hori erakusteko batu ziren atzo, otsailaren 10ean, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
Aretoa txiki utzi zuen Aterabidetik ikus-entzunezkoaren estreinaldiak; handia izan zen, baina, bertaratutakoen harrera.
Sareren hasierako erronka
Aterabidetik ikus-entzunezkoa Lizeo Antzokian estreinatzea zen, eta Zine Klubari esker, posible izan zuten. Hala, hurrengo
helburua aretoa betetzea zen, eta hori ere lortu zuten. Horren aurrean, beraz, “guztiz pozik” gagertu dira sarekideak. “Gainera, uste dugu estreinaldira bertaratutakoak gustura geratu direla ikusitakoagaz, eta beraien barruetan zerbait mugitu delakoan gaude, eta hori oso garrantzitsua da guretzat”. Behin hori lortuta, uste dute film labur horrek bere bidea egingo duela, “abiapuntu egoki” eduki baitu.
Urtebeteko lanaren ostean, guztia ondo atera zedin desio zuen Sarek, eta jendearen jarrera ikusita, behintzat,
“oso pozik” geratu da dispertsioaren aurkako taldea. “Kontraesankorra dirudi; izan ere, poztasuna agertzen gaude sufrimenduzko gai baten aurrean”. Saretik gogorarazi dutenez, asteburu honetan ere, hamaika lagun dira dispertsioaren ondorioz bidean kilometro ugari egiten ari direnak, baina Lizeoan bildutakoek, beharbada, distantzia hori laburtu egin dutela adierazi dute sarekideek:
“Film labur horrek dispertsioa laburtzeko balio izan du, eta hori horrela ulertu delakoan, pozik eta gustura gaude”.
Rossa Dantza Eskolako nesken dantza erakustaldia
Oihana Cabellok eta Gurutzne Basterretxeak aurkeztutako ekitaldi labur batek hasi zuen ‘Aterabidetik’ ikus-entzunezkoaren estreinaldia atzo. Dokumental baten proiekzioa baino gehiago izan zen atzokoa: Gernikatik Gernikara egindako ekarpenen bilketa izan zen. Musikak eta dantzak ere izan zuten tokia. Bertaratutakoek Ross dantza eskolako nesken saioaz eta Paul Omaetxebarria eta Ibai Etxebarriaren musikagaz gozatzeko aukera izan baitzuten.
Estreinaldiaren egunaren ostean,
bidea egiten jarraituko du Sarek, eta, hala, urrats berriak ematen. Ekimen gehiago egingo dituztela aurreratu du, “agian, ez dimentsio horretako egitasmoak, baina garrantzia eta sakonera bereko ekimenak izango dira,
betiere, dispertsioa amaitzeko modu anitzak plazaratuz“.
Goikoetxearentzat, esperientzia berria
Josu Goikoetxea arduratu da film laburraren gidoia egiteaz. Lan hori egitea proposatu ziotenean “ardura eta kezka handiz” hartu zuen eskaera, baina Sarek egindako
Erradiografiak liburuxka oinarri hartuta, lan egiteari ekin zion. “Sarek egindako lan horretan zegoen guztia, bertan zegoen muina”, adierazi du. Hori dela eta,
aurretiaz egindako behar horri forma emateaz arduratu da gernikarra, idatzizkoa ikus-entzunezko bihurtzeraino.
Lana “ondo” egiteko ardura izan dute bai Goikoetxeak eta baita gainontzeko lantaldeek ere. Hori dela eta, sentimenduek beraien lekua hartu badute ere,
“ahalik eta modu profesionalean” jarduten saiatu izan dira. Herritarren bihotzera ailegatu gura zuen Goikoetxeak, baina, horregaz batera, horien buruetara heltzea zuen xede, “jendeari erakusteko zein errealitate gogorra den dispertsioarena”.
Bere lana baino, “errealizatzaileena” nabarmendu du ikus-entzunezkoaren gidoilariak, “nik eskainitako ideia bat oinarri hartuta, eurak eman baitiote forma lanari”. Hala, nola eraldatzen zuten ikustea “zoragarria” izan dela aitortu du.
“
Esperientzia berri bat” izan da Goikoetxearentzat Aterabidetik ikus-entzunezkoagaz bizitakoa, orain arte ez baita aritu halako formatu eta dimentsioko lan batean. Hala,
ikasketa prozesu bat bezala ere hartu du.
Jose Antonio Bastegieta Marko-ren esperientzia
Dokumentalaren zati batek preso politiko baten emazte (Izaro) eta alabak (Aiora) Valladolideko espetxera egindako bisita biltzen du. Gaiarekin loturarik ez duen eta eskualdean aski ezaguna den J
ose Antonio Bastegieta Marko dute bidelagun bidaia horretan. Azken horrek ez du ahazteko egun hura:
“Preso baten senide eta lagunek bidean hainbeste kilometro egin behar izateko eskubiderik ez dago. Familia torturatzea da hori”, salatu du. “Guztiok entzun izan dugu dispertsioaz, baina bidaia hori egin ostean, sakonago pentsatzen dut familia horiei egiten zaien torturan. Errealitatea bizi egin behar da hobeto ulertzeko”.
Argazki galeria ikusgai:
hemen.
Paul Omaetxebarriak eta Ibai Etxebarriak musika ikuskizuna eskaini zieten Lizeora bertaratutakoei