Aritz Aranbururen taldeagaz Red Bull Rivals Txapelketaren joaneko saioan parte hartu zuen Illan Urkia Aldekoak (1990, Mundaka). Espainiako taldea Portugalekoa baino hobeto moldatu zen Europako ezker olatu ezagunenean. Aranbururen taldeak 16 puntu lortu zituen, eta Tiago Pires suflari portugaldarraren taldeak 2 puntu baino ez zituen eskuratu.
Illan Urkia Aldekoa
Red Bull Rivals Txapelketan parte hartzeko aukera eduki zenuen. Zelan joan zen?
Lehenik eta behin, esan beharra daukat harrituta geratu nintzela Red Bulleko lantaldeak egindakoagaz. Lan handia eduki zuten, eta oso ondo hartu gintuzten. Bestalde, esperientzia oso polita izan da niretzat. Munduko surflari onenetariko batzuekin surf egiteko aukera eduki nuen. Agian, olatuen egoera ez zen onena izan asteburu horretan, baina oso ondo pasatu genuen eta irabazi ere egin genuen. Beraz, gehiago ezin dugu eskatu.
Alde nabarmenagaz irabazi zenuten, gainera. Horrek ziurtasuna emango al dizue Portugalen?
Mundakako 16-2 emaitzagaz hasiko gara Portugalen. Ericeiran jokatuko da txapelketa, Ribeira d’Ilhasen, hain zuzen ere. Han, hortaz, txapelketa irabazten hasiko gara. Gauzak oso txarto egin beharko genituzke txapelketa galtzeko.
Noizko dago aurreikusita Portugalgo txapelketa?
Ez dakigu, Mundakakoagaz gertatu modura, olatuen aurreikuspenen zain egoten dira. Zazpi egun lehenago ematen digute lehenengo abisua. Ondoren, txapelketa baino hiru egun lehenago esaten digute aurrera doan ala ez. Hemen udazkena izaten da olatuen denboraldirik onena, eta, Portugalen, berriz, udaberria. Hala, hasieran pentsatu genuen han jokatuko zela lehenengo kanporaketa. Baina urtea hasi eta berehala deitu gintuzten Mundakarako; beraz, ez dakigu. Datorren astean izan daiteke edo hemendik sei hilabetera.
Hango urak ezagutzen dituzu?
Bai. Orain dela bi urte oporretan egon nintzen Ericeiran, eta ezagutzen dut hango olatua. Bideoak begiratzen ere ibili naiz, guztiak balio baitu zerbait gehiago ikasteko.
Olatuen artean desberdintasunik ba al dago?
Bai. Mundakako olatua ezkerrekoa da, eta Ribeira d’Ilhasekoa eskumakoa. Bestalde, Mundakako barran harea dago, eta hangoan harea eta harria daude, biak. Ribeira d’Ilhasen olatua aurrez ikusiko dut, eta hori ondo dago. Hala eta guztiz ere, olatuen egoerak dauka zerikusi handia, beraz, itxaron beharra baino ez daukagu. Eguna iritsi arte ez dakit zer aurkitu ahal izango dudan.
Olatua Mundakako hondarpean hasi eta Laidako hondartzan amaitzen da, itsasadarra zeharkatuta. Horren eraginez, olatu luze batean surfean aritzeko aukera ematen digu. Beste hondartza batzuetan, hobeak ala txarragoak, baina olatuak laburragoak izaten dira.
Mundakakoa munduko ezker olaturik onena dela esaten dute askok. Hala uste al duzu?
Onena-onena den ez dakit esaten, asko daude onak. Baina, egia da Mundakako ezker olatua oso ona dela, eta horregatik da horren ezaguna.
Zer dauka Mundakako olatuak besteek ez daukatena?
Olatua Mundakako hondarpean hasi eta Laidako hondartzan amaitzen da, itsasadarra zeharkatuta. Horren eraginez, olatu luze batean surfean aritzeko aukera ematen digu. Beste hondartza batzuetan, hobeak ala txarragoak, baina olatuak laburragoak izaten dira. Hemengoa, berriz, olatu luzea da, eta indar handia dauka, itsasoak harea aurkitzen duelako.
Lehiaketetan parte hartzera ohituta al zaude?
14 urte nituela hasi nintzen lehiatzen. Euskal surf zirkuituko probak jokatzen nituen. Geroago, 18 urtegaz, Europa mailan lehiatzen hasi nintzen, projuniorrak egiten. Hala ere, horiek utzi eta surfagaz gehiago gozatzen hasi nintzen, neure kabuz. Nire kontura ibiltzeko urte pare bat hartu nituen, txapelketen mundua alde batera utzi eta lagunekin surfean aritzeko. Txapelketak ondo daude, baina esfortzu handia eskatzen dute. Egunak ematen ditugu eguzkitan, uretan, eta nekatuta amaitzen dugu. Kanpotik ikusita eman dezake bizimodu polita dela surflariarena. Baina gogorra da sei egun jarraian uretan egotea eta itsasaldiei begira, gainera. Iaz, hala ere, berriro hasi nintzen gehiago entrenatzen, berriro txapelketetan hasi asmoz. Aurten berriro lehiatzen hasiko naizela uste dut.
Zenbat urtegaz hasi zinen surf egiten?
9 urtegaz. Uda zen, eta lagun guztiek zerbait egiten zuten. Hala, amak esan zidan nik ere zerbait egin behar nuela. Ez nuen nahi, baina surf ikastaro batean eman zuen nire izena. Pozik amaitu nuen lehenengo eguna, eta jarraitzea erabaki nuen. Lehendabizi, ikastaro batetik bestera ibili nintzen, eta bi urtera, ikastarokoak gure kabuz hasi ginen surfean.
Gaur egun ba dago harrobirik Mundakan?
Baietz esango nuke. Urte txar batzuk egon ziren, baina, gaur egun, herriko gazteak ikusten dira surfean. Harrobiak aurrera egin ahal izateko garrantzitsua da herriko jendea uretan egotea, eta gaur egun badaude. Hala, bakarrik joanda ere, badakizu norbait egongo dela uretan. Gurasoentzako ere garrantzitsua da ziurtasun hori edukitzea. Mundaka Surf taldekoak, gainera, ikastaroak ematen hasi dira eskolan.
Hemen daukagun altxorra ez da esperimentuak egiten ibiltzeko.
Zenbatero sartzen zara uretara?
Ahal dudan bakoitzean. Laneko ordutegia dela eta, eguerdian denbora edukitzen dut surf egiteko. Itsasoak eta itsasaldiek aukera ematen duten bakoitzean uretara sartzen naiz. Neguan itsasoak indar handiagoa dauka, eta egun gehiagotan egoten dira olatuak. Gainera, jende gutxiago egoten da. Udan, beti dago jende gehiago, ikasten ari direnak ere sasoi horretan egiten baitute.
Sasoi batean esaten zuten Mundakako olatua gaixorik zegoela. Gaur egun, zelako egoeran dagoela esango zenuke?
Izenik esan barik, esan beharra daukat askok zorte handia eduki dutela, ez delako ezer gertatu. Orain dela urte asko dragatze bat egin zuten, eta barra lekutik kanpo geratu zen; olatua ez zen berdina. 2015ean, berriz, Laidan egindako lanen ostean ez zen ezer gertatu, baina gerta zitekeen; lanak ez baitzituzten modu egokian egin. Esperimentu modura mugitu zuten inguru guztia. Gauza horiek ez dira soilik olatuaren kalterako, baizik eta, orokorrean, itsasadarrerako. Hemen daukagun altxorra ez da esperimentuak egiten ibiltzeko. Gaur egun, hala ere, ondo dago gure herriko ezker olatua. Mundakako barra harezkoa izanik, itsasaldiek aldatu egiten dute. Hortaz, batzuetan oso ondo dago, eta olatua hasten den lekutik amaitzen deneraino tutuak sortzen dira; beste batzuetan, berriz, zatika sortzen dira tutuak. Baina hori da harezko olatuekin gertatzen dena.