Eleizalde ikastolan 7 eta 8 urtegaz eskubaloian jokatzen hasi zirenenetik hamaika bizipen izan dituzte elkarregaz Ainhoa Azaolak (Bermeo, 1992) eta Izaskun Mujikak (Bermeo, 1992). Hasiberri zireneko ilusioa eta kemena mantentzen dute, eta horrela, umetan legez, orain ere «dena ematera» kantxaratzen dira astebururo.
Barakaldoko Zuazo taldeagaz gorengo mailan jokatzen dute eskuin-hegaleko jokalari bermeotarrek. Ondo dakite gorengo mailan jokatzeak dakarren esfortzua zelakoa den, baina gustuko lekuan aldaparik ez dagoenez, gogotsu dabiltza. “Txikitatik biok izan dugu afizioa; dena ematen izan dugu eskubaloiagatik”, zehaztu du Azaolak.
Mujika eta Azaola Bermeoko Lameran.
Urdaibai Eskubaloi Taldean hasi ziren federatuta jokatzen, eta ordutik etxeko taldeak izan duen bilakaera nabarmendu dute: “Gure garaian ez zeuden orain beste talde. Zaletasuna dagoela ikusten da, eta badira oso ondo jokatzen dutenak eta etorkizuna dutenak. Garrantzitsua da horiek motibatzea, ilusiorik ez galtzeko”.
Ume eta gaztetxoen mailetan elkarregaz jokatu zuten; gero, talde desberdinetan egon dira zenbait urtetan, eta orain berriro elkarregaz jokatzen dutelako pozik daude: “Kuadrillatik aparte, orain taldea eta postua ere partekatzen ditugu, eta oso gustura gaude”.
Emakumeen Eskubaloi Loterias Ligaren sailkapenean, gaur gaurkoz, laugarrena da talde barakaldarra, Gran Canaria, Guardes eta Bera Beraren atzetik.
“Momentuz ez goaz txarto. Lehenengo bueltan lau partida baino ez ditugu galdu, eta beste denak irabazi ditugu. Gainera, galdutako partidetatik hiru, sailkapenean gure aurretik daudenen kontra izan dira. Ezin gara kexatu”, dio Mujikak.
Elxen (Herrialde Katalanak) hasi zuten aurreko asteburuan bigarren denboraldia, eta puntu bakarreko aldeagaz (25-26) nagusitu ziren. Bihar, berriz, Valentziako taldea hartuko dute etxean. 18:30ean hasiko da Lasesarreko partida.
Bera Bera sailkapen buruaren jokoa nabarmendu dute, eta beste biak haien mailan daudela diote: “Hirurei irabazteko gai garela uste dugu. Bera Berakoak oso arinak dira, asko korritzen dute, eta guk akatsak egiten baditugu, haiek oso ondo aprobetxatzen dituzte”.
Aurretik dituzten hiru taldeen kantxan irabaztea gaitza dela diote, baina eurak ere etxean sendo jokatzen dabiltza: “Egia esan, etxean askoz hobeto egiten ditugu gauzak”.
2015-2016 denboraldia seigarren postuan amaitu zuten, eta oraingoan postu hori hobetzea da taldearen helburua. Horrela, Europako Txapelketa jokatzeko sailkapena lortu nahi dute, eta, era berean, Erregina Koparen finalera heltzea da haien erronka.
Iazko emaitzak hobetzea
Liga postu on batean amaitzeko nahia nabarmendu du Azaolak: “Lehenengo ez bada, bigarren edo hirugarren geratzea da gure nahia, eta Erregina Kopan finalera heltzea. Gero, han, ikusiko da zer pasatzen den”.
Izan ere, iaz finalera heldu bai, baina ezin izan zuten Bera Bera mendean hartu.
Erregina Kopa irabaztea da Mujikaren erronka, dagoeneko lau jokatu ditu, eta postu guztiak pasatu dituela dio, barrezka: “Irabaztea bakarrik falta zait”. Azkena Zuazogaz izan zen, eta aurreko hirurak Elxeko taldeagaz lehiatu zituen. Alzak, berriz, Kukullaga taldeagaz jokatu zuen lehenengoz kopan, eta final laurdenetan kanporatu zituzten.
“Oso gaitza da irabaztea; Bera Berak askotan irabazi du Kopa. Ondo ikasita dute. Guretzat iaz finalera heltzea izugarria izan zen, sari bat. Ez genuen espero, eta ez genuen sinisten. Aurten ere finalera heltzen saiatuko gara”, azaldu du Azolak.
Apirilaren amaieran jokatuko dute aurten Erregina Kopa, eta hara sailkatzeko kanporaketa hil honen 19an dute, Elxen. Partida irabazten duen taldeak lortuko du koparako txartela (zortzi taldek lehiatzen dute kopa).
Europako ametsa
Liga irabazlea eta Erregina Koparen txapelduna Bera Bera izan zen iaz; eta, Zuazo Erregina Kopan bigarren geratuta, Europako Txapelketa jokatzeko txartela lortu zuten iaz (sailkapeneko lehenengo lau taldeak eta Erregina Koparen irabazlea sailkatzen dira Europako Txapelketara).
Esperientzia hori elkarregaz bizitzeko aukera izan zuten lehenengoz. Izan ere, Mujikak Elxe taldeagaz jokatu zuen aurrenekoz, 2014ko otsailean. “Iaz Suedian jokatu genuen, eta Elxegaz Errusian. Esperientzia guztiz desberdinak izan dira, biak politak, baina desberdinak. Errusian izugarrizko hotza egiten zuen, eguraldia ez zen egokia jokatzeko. Eta, gainera, aurkaria iazkoa baino askoz hobea izan zen”.
Azaolarentzat, ostera, Europan jokatzen duen lehen aldia zen: “Gehienok ez genekien nolakoa den txapelketa, ezta aurkariak zelan jokatzen zuen ere… Urduri hasi genuen partida, ikara apur bategaz, eta azkenean sei puntuko aldeagatik galdu genuen joanekoa”.
Bueltako partidan 2.000 zale inguru batu ziren Lasesarren. Partida hunkigarria izan zen haientzat, eta oroitzapen gozoa dute: “Oso polita izan zen; emozio askoko partida. Ileak tente izan genituen emozioagatik. Harmailak ez dira inoiz hain beteta egon”.
Kanporaketa gainditzeko 7 puntuko errenta behar zuten, baina etxeko neurketa puntu bakarragatik irabazi zuten. Hala ere, esperientzia hori bizitzeko aukera izan zutelako pozik daude, aho zapore gozoa hutsi baitzien.