Iazko aurrekontuak zarratzerako orduan, «soberakin» txiki bat eduki du Busturiko Udalak; 30.000 euro inguru. Espero ez zuten diru horregaz herrian egin behar zituzten konponketa «txiki» batzuk egin dituztela azaldu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
«Iaz, alferrikako edo ez beharrezko gastuak alde batera uztea erabaki genuen; adibidez, beste gauza batzuen artean, aholkularitza juridikoa kentzea erabaki genuen, 5.000 biztanle baino gutxiago daukaten herriei Bizkaiko Foru Aldundiak ematen baitie zerbitzu hori, behar izatekotan. Beste alde batetik, 2016ko aurrekontuan, 20.000 euroko diru sarrera edukitzea aurreikusten zen lizentzia urbanistikoen atalean. Hala ere, 2016an, 50.000 euroko diru sarrera eduki genuen; hortik dator soberakina», zehaztu du.
Zabalerako bidea konpontzen. Argazkia: Busturiko Udala
Proiektu handirik egiteko dirurik ez zegoenez, «beharrezkoak ziren gauza txikiak egitera bideratu» dutela azaldu du alkateak: «Herrian hainbat proiektu eta hainbat aurrekontu prest edukitzen ditugu. Horiek mahai gainean jarrita, alderdi guztien oniritziagaz erabaki genuen batzorde batean zeintzuk ziren lehentasuna zeukaten proiektuak».
Bideen konponketak
Diruaren zati bat, zenbait auzobide konpontzera bideratu dute; Zabalerako bidea, esate baterako. Etxebizitzak ez ezik, inguru horretan negozioak ere badaudela azaldu du alkateak, eta gehitu du gune hori oso egoera txarrean zegoela.
Horrenbestez, zegoena kendu dute, egonkortu egin dute, eta lehengo errepidean zegoen asfaltoa bota beharrean, betoia bota dutela jakinarazi du. Bide hori konpontzeko aurrekontua 7.064 eurokoa izan da.
Paresi auzoko Errebarreneta bidea ere konpondu dute; 6.800 euro bideratu dituzte konponketa lan horietara. «Mantenu faltagatik» errepide bazterreko arekak gainezka zeudela dio, eta ura, hortaz, errepidetik joaten zela gaineratu du. Horregatik, errepidearen egoera «oso txarra» zen. Modu horretan, batetik, arekak garbitu dituzte, eta, bestetik, ura arekatik joateko bidea egin dute. Ondoren, errepidean, harbidea bota dute, behin-behinean; asfaltoa edo galipota «oso garestiak direlako. «Etorkizunean, baina, nahiko genuke horietako bat bota».
Pañuene baserri ondoan sortzen ziren arazoak. Argazkia: Busturiko Udala
Axpe auzoan, berriz, Pañuene baserri ondoko kutxatila konpondu dute. Aretxagak azaldu modura, «euria egiten zuenean, ur asko pilatzen zen inguru horretan, eta kutxatila ez zen gai ur guztia hartzeko. Hortaz, inguru horretan arazo larri bat sortzen zen». Lehen zegoena kendu barik, orain, diametro handiagoko beste hodi berri bat jarri dute, eta urak zuzenean errekara bideratu dituzte, «lehen ez bezala». Lan horiek egiteko 4.000 euro behar izan ditu udalak.
Argiteria
Zenbait auzotan dauden argiteria arazo batzuk ere konponduko dituzte. Altamira auzoan, esaterako, Txirapozu jauregira eta Torre ingurura joateko bideetan zortzi argi puntu berri jarriko dituzte: sei kaleargi eta bi foku. Horretarako aurrekontua 6.300 euro ingurukoa da.
Bestalde, Altamira auzorako bidean, Trebolen, lehen zegoen argi puntua berreskuratu egin dute. Alkateak azaldu duenez, «inguru horretan, lehen, bazegoen kaleargi bat, baina kamioiren batek kolperen bat emanda apurtu egin zen, eta kendu egin zuten. Gunea, baina, ilun zegoen, eta kaleargia berreskuratu gura izan dugu».
Azkenik, San Kristobal auzoan, Gorritxikalen, argi puntu berri bat jarriko dute.