Zurrategiko altxorrak, bistara
Bi biolontxelisten zuzeneko musikak girotuta, eta performance bategaz, 54 argazkiz osatutako Salba dezagun kurtiderixie erakusketa inauguratu zuen barikuan Aitor Arana Arruti argazkilari gernikarrak.Argazkilaritza da Aitor Arana Arrutiren pasioa, eta b...
Bi biolontxelisten zuzeneko musikak girotuta, eta performance bategaz, 54 argazkiz osatutako Salba dezagun kurtiderixie erakusketa inauguratu zuen barikuan Aitor Arana Arruti argazkilari gernikarrak.
Argazkilaritza da Aitor Arana Arrutiren pasioa, eta batik bat leku edota eraikin abandonatuak erretratatzea gustuko du. Oraingoan, Foruko lantegi zaharrean egindako lanagaz dator.Teneria Vascongada larruak ontzeko fabrikan altxor asko topatu dituela dio, eta horiek ondo mantentzea da haren nahia: «Orain dela zortzi-hamar urte itxi zuten, eta 2012an sartu nintzen lehenengoz bertara. Gainera, bertako langile izandakoak hango makineria martxan jarri zidan, eta ikaragarria iruditu zitzaidan».
Bizkaian itxi zuten azken zurrategia izan zen Forukoa, eta kanpotik begiratuta erortzear den lantegi zahar bat baino ez dirudi. Baina, barruan gordetzen duenak liluratuta utzi zuen argazkilari gernikarra, eta orain han topatutakoa herritarrekin partekatu gura izan du.
HDR edizio estiloa deritzon teknikagaz egindako argazkiak dira ikusgai daudenak. Batzuetan larruak, tresneria edo makineria agertzen dira, eta beste hainbatetan, steampunk estiloan girotutako komiki itxurako istorioa jaso du.
Horietan, Santurtziko San Jorge Lanbide Heziketako ikastetxe integratuko ikasleen laguntza izan du, haiek makillatu eta irudikatu baitzituzten argazkietan agertzen diren modeloak. «Izugarria da haiek egiten duten lana. Aurretik Errenteria auzoko etxe abandonatu batean egin genuen saio bat, eta argazki hauek iaz ateratakoak dira».
Erakusketaren aurkezpenean ere bi ikaslek zurrategi bateko langile baten moduan makillatu zuten modelo bat. Aretoa bete-beteta zegoen, eta argazkiei zein modeloari begirik kendu barik egon ziren bertaratutakoak.
Planoak, ikusgai
Gainera, erakusketa gelan larrua ontzeko lantegiko larruak eta tresneriak ipini ditu Aranak, eta larrua ontzeko prozesu osoa biltzen duen ikus-entzunezkoa ere badago. Halaber, hiru solairuko eraikinaren planoak ere ikusgai daude. «Planoetan eraikinak dituen kalteak eta beharrezkoak dituen konponketak zeintzuk diren zehazten dira».
Industria Ondare
Eusko Jaurlaritzak Industria Ondare izendatu zuen lantegi barrua, eta Aranaren iritziz, bertako altxorrak babesteko erabileraren bat ematea da bidezkoena: «Museoa, heziketa zentroren bat edo antzeko zerbaitetarako leku oso aproposa da. Eraikin itzela da, eta egoera eskasean dago, erortzeko arriskua dauka».
Salba dezagun kurtiderixie hilaren 24ra arte egongo da ikusgai, Kultur Etxeko lehenengo solairuan.