Plangintzaren
helburua garbiketa lanak ondo egitea dela azaldu du zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak. Hala ere, herriko toki guztiak garbi mantentzeko,
herritarren inplikazioa «ezinbestekoa» dela gogorarazi du Ibarrolazak.
Benito Ibarrolaza eta Iñigo Gonzalez plangintza aurkezten
Udaleko ordezkariek, teknikariek eta langileek elkarlanean landutako plangintza da. «Beharrezkoa da denon ikuspuntua kontuan edukitzea lehentasunak finkatzeko. Hala, denen artean, garbitasun beharrizanen mailak eta betebeharrak zehaztu dituzte plangintzan», esan du zerbitzuetako teknikari Iñigo Gonzalezek.
Plangintza onartu aurretik, hainbat hilabete egon dira probak egiten, eta garbitasunari dagokionez, herrian dauden beharrizanak aztertu dituzte. Horren arabera, ondoren, plangintza antolatu zuten eta Zerbitzu Batzordean aurkeztu ostean, Gobernu Batzordean onartu zuten.
Ibilbide ugari. Bermeoko garbitasun egoerararen diagnostiko batean oinarritu dira garbiketa plangintza egiterako orduan, eta hainbat ibilbide zehaztu dituzte: Eskuz egiten diren erraztatzeak zazpi ibilbide dituzte; erraztatze mekaniko mistoak bi ibilbide; eta ureztatze mistoak bost ibilbide.
Era berean, ur zuloak garbitzeko ibilbideak ere zehaztu dituztela azaldu dute. Ibilbide horien guztien helburua, garbiketa lanak «ahalik eta hobeen» egitea eta herriko toki guztiak garbi mantentzea dela azaldu dute plangintzaren aurkezpenean.
Bestalde, jakinarazi dutenez, zerbitzu saila arduratuko da garbitasun plangintzaren «kudeaketa zuzenaz», eta, horretarako, behar diren bitartekoak erabiliko dituzte.
Garbitasun arloan, 20 langile daudela jakinarazi dute. Aurkeztu duten
plangintza behar bezala martxan egoteko, hala ere,
hiru langile kontratatu zituztela adierazi dute. Makineriari dagokionez, berriz, hidrogarbigailuaren eta ureztatzeko lanen garrantzia nabarmendu dute, horien erabilerak asko errazten baitituzte garbiketa lanak.
Langileen txostenak. Plangintzak eskatzen duenez,
langile bakoitzak txosten bat aurkezten du lana amaitu ostean, eta zerbitzuaren arduradunak, egunero, kale garbiketaren kalitate kontrola egiten du; eta kaleak, espaloiak, lauzak eta elementu guztiak ikuskatzen ditu plangintzan aldaketaren bat egitea beharrezkoa den ikusteko. Izan ere,
plangintza «irekia» da, eta beharrizanen arabera aldatu daiteke.
«Herrietako garbitasuna ez da beharrizan estetikoa soilik, higienikoa eta ingurumena babestekoa ere bada», esan du Ibarrolazak. Horregatik guztiagatik, «guztion artean ahalegindu behar gara herria garbi mantentzen».