Iparragirre jipoitu dutela salatu du Iparra Galdu Baik plataformak
Iparra Galdu Baik plataformak salatu duenez, beste hiru presok jipoitu egin dute larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre preso ondarrutarra. «Bere ziegan zegoela, hiru preso sartu eta bik bizkarretik besoak heldu zizkioten, eta hirugarrenak aurpegian...
Joan den zapatuan Ondarroako bi lagunen kristal bidezko bisita eduki zuen Iparragirrek, eta bisitara haginetako protesia eskuetan zuela sartu zela kontatu dute lagunek. Preso ondarrutarrak lagunei esandakoaren arabera, Alcala Mecoko (Madril, Espainia) Lehenengo moduluan dauden beste hiru presok jipoitu zuten barikuan modulu berean dagoen ondarrutarra. «Jipoitzeaz gain, Ibonek ziegan zituen hainbat objektu pertsonal lapurtu zizkioten, tartean telefonoz deitzeko erabiltzen den txartela».
Gertaera «irmoki» salatzeaz gain, plataformak preso ondarrutarraren oinarrizko giza eskubideak «uneoro» urratzen ari direla argi utzi nahi izan du. «Ibonen abokatuek ondarrutarra espetxealdi arinduko erreximenean ipintzeko eskaera guztiak atzera bota ditu Jose Luis Castro Antonio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak».
Iparra Galdu Baik plataformak presoari eta haren senide zein lagunei elkartasuna adierazi nahi izan die. Eta Iparragirreren eta larriki gaixorik dauden gainontzeko presoen etxeratzearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.