Aberri Eguna Gernikan ospatzeko deia egin du Independentistak Sareak
Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta, Gernika Batzordeagaz batera egin dute deia independentistek, Gernika-Lumon bertan emandako prentsaurrekoanGernika Batzordeak eta Independentistak Sareak Gernikan ospatuko dute Aberri Eguna. Gernikako b...
Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta, Gernika Batzordeagaz batera egin dute deia independentistek, Gernika-Lumon bertan emandako prentsaurrekoan
Gernika Batzordeak eta Independentistak Sareak Gernikan ospatuko dute Aberri Eguna. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena da aurten, eta apirilaren 16rako ekimen bateratua aurkeztu zuten zapatuan, Gernika-Lumon bertan egindako agerraldian.Independentistak Sareko kideek adierazi zutenez, haien ibilbidean urrats berri bat ematea erabaki dute; Euskal Herriaren eta euskal herritarren egun-izaera «areagotzeko jauzia» da. Eta aurrerantzean herri eragile gehiagogaz pauso berriak egiteko konpromisoa erakutsi dute.
Izan ere, Aberri Eguna Euskal Herriaren eguna dela gogora ekarri zuten: «Azken zazpi urteotan euskal herritarrok elkarturik ospatzea izan da Independentistak Sarearen erronka. Hots, alderdien Aberri Egunetik euskal herritarren Aberri Egunera pasatzea».
Horrela, beste urte batez, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuz, aniztasunean elkarturik eroso parte hartzeko Aberri Eguna izatea da haien helburua. «Euskal Herriak munduko herri guztien artean bere naziotasuna aitortuta, eta bere tokia izan behar duela aldarrikatzeko eguna da, eta mundu osoari burujabetza osoa behar dugula adierazi nahi diogu».
Gernika sinbolo partekatua
Halaber, Gernika Batzordeko ordezkariek nabarmendu dute Gernika dela gaur egun euskal lurralde guztietako herritarrak maila beretsuan bereganatzen duten «sinbolo partekatu» bakanetarikoa: «Gernikaren esanahi sinbolikoa oso egokia da bizi dugun une historikoa azaltzeko, eta Euskal Herri osoari begien aurrean ispilua jartzeko. Euskal Herriaren historiari aspaldiko garaietatik lotuta, askatasunaren eta nortasunaren marka, txikizioaren eta suntsipenaren sinboloa, hura gainditu eta Euskal Herria berpizkundearen bidean kokatzen duena».
Urteurren honetan ere Euskal Herriko Foro Sozialagaz elkarlanean, bizikidetza eta memoriaren alorretan sakontzeko ariketa egingo dutela esan zuten zapatuan Gernika Batzordeko kideek.
Gogora ekarri zuten Gernika gerraren biktima izan zen legez, gaur egun badirela munduan hamarnaka herrialde egoera berean, eta interes politiko eta ekonomiko «maltzurren» ondorioz, milaka eta milaka pertsona heriotzara kondenaturik daudela: «Orduko Gernikak errefuxiatuak eragin zituen, gaurko Gernikak ateak eta bihotzak zabaltzen dizkie egungo errefuxiatuei. Gernikako Txoriak bere hegalak zabaltzen ditu horiek guzti horiek babestu nahian».
Gernika Batzordeko kideek haien aldarrikapenak berretsi zituzten zapatuko agerraldian, eta 80 urte igaro direnean suntsitu nahi izan zuten herriak zutik dirauela azpimarratu zuten: «Bertoko herritarren borondatea, hitza eta erabakia muga bakarra izanik, guk geuk kanpoko esku hartzerik gabe, geure etorkizuna marrazteari eta geure nazioa antolatzeari ekingo diogu».