Langabezian, baina lana bilatzeko lanean
Hondotik azalera, denok batera. Bou Sarea izeneko anezka sortu dute Busturialdean, langabetuei lana bilatzen laguntzeko. Gizarte berrikuntzarako programak garatu dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ezkerraldean, Nerbioi Ibaizabalen, Uribe Kostan Meatzaldean, Durangaldean eta Busturialdean sortu dira taldeak.
Oiane Luna koordinatzailearen gidaritzapean, Bermeoko behargintzan batzen da Busturialdeko taldea. Azaroaren 3an egin zuten aurkezpena, eta guztira 14 pertsona batu ziren. Momentu honetan, baina, hamabi laguneko taldea da Busturialdekoa, bi pertsona lanean hasi direlako. «Hemen egiten duguna da lana bilatu, denen artean, eta horretarako konpetentziak garatu. Horrez gain, ateratzen diren lan eskaintzetara aurkezteko prestatzen gara», azaldu du Lunak. Adin eta perfil ezberdinetako pertsonak batu dira Busturialdeko lan taldean. «Orain arte, gehienbat, taldea antolatzean jarri dugu arreta, elkarrekin lan egitera ohitu», dio Lunak. «Pertsona bakoitzak formakuntza bat du. Gazteenak 23 urte zituen, eta Londresera joan da lan egitera. 50 urtetik gorakoak be badaude taldean. Horregatik, elkarrekin lan egitera ohitzea izan da lehen egin beharrekoa».Hemen egiten duguna da lana bilatu, denen artean, eta horretarako konpetentziak garatu”Laniña bilatu asmoz, taldean parte hartzea erabaki duten bi kide dira Jesus Jodar eta Monika Kapanaga. Hasiera batean «apur bat galdeuta» zeudela aitortu dute. «Autoezagutza eta autoestimua lantzeko saioak egin genituen hasieran, bakoitza nolakoa den eta zein balore dituen identifikatzeko. Programaren oinarria da, baina hasiera batean ez nuen oso argi ikusten zertarako balioko zidan horrek niri». Programaren koordinatzaileak azaldu du parte hartzaileek zerbait «anbiguoa» legez hartzen dituztela lehen hilabeteetako saio horiek. «Gogorra egiten zaie, batzuek lehen momentutik curriculuma landu, aztertu eta hobetu nahi izaten dutelako. Baina hori aurrerago lantzen den zerbait da, programaren bigarren hilabetean. Gurea ez da da ikastaro bat, gizarte berrikuntzarako programa bat baizik», zehaztu du Oiane Lunak. Enpresetan aurkeztu. Programa hasi zenetik hiru hilabete joan dira, eta elkarrekin egin duten bidearen balorazio positiboa egin dute. Kapanagaren esanetan, nork bere erritmoa duen arren, talde bezala egin behar dute aurrera. Orain, hiru departamentu sortu eta horietan banatuta daude: komunikabideak eta sare sozialak; pertsonen garapena eta ekitaldiak. Lanpetuta daudela dio Kapanagak: «Nork bere zeregina du, eta argi daukagu nora heldu nahi dugun». Lana bilatzeko ekinean ari dira egunero, baina Bizkaian dauden beste taldeekin solidarioak ere izan behar dute. «Departamentuetan lan merkatura sartzeko egin beharrekoak lantzen ditugu, baina lan eskaintza baten berri izanez gero, Bizkaiko gainontzeko taldeekin konpartitu behar dugu», azaldu dute.
Garrantzitsua da nork bere kandidatura aurkeztea. Zein enpresatan lan egin nahiko lukeen aukeratu, eta dituen hutsuneetatik zein eta nola bete dezakeen definitu.Enpresetan aurkezteko esku orriak prestatzen ari dira, gainera. Bou Sarea osatzen duten pertsonen perfilak jasoko dituzte esku orri horiek, Bou Sarea bera zer den aurkeztuko du, eta haiekin nola harremanetan jarri ere azalduko du. Blog bat ere badute, www.lanzaderasdeempleo.es atariaren baitan. Euren profil profesionala aurkezteaz gain, Lunak dio garrantzitsua dela nork bere kandidatura aurkeztea. Zein enpresatan lan egin nahiko lukeen aukeratu, eta dituen hutsuneetatik zein eta nola bete dezakeen definitu. Beldurra kendu. Beldurra aipatu du Bou Sareako kidea den Jesus Mari Zelaiak, eta beldur hori kentzea beste biderik ez dagoela aurrera egiteko; bestela, beldurrak geldiarazi egiten zaituelako. Adinez, taldeko nagusienetakoa da Zelaia. Eskarmentu handikoa, enpresa handietan lan egin du. Hala ere, gaur egun langabezian dago. «Beldurtuz gero, ez dugu lanik aurkituko sekula. Eta beldur hori kentzeko ideia hau, programa hau, primerakoa da», dio. Giza baliabideetako departamentuetan ardurak izan ditu Zelaiak, eta jende mota askorekin lan egitera ohituta dago. «Programa hau izugarria da ikasketak dituztenentzako, ez dituztenentzako, iniziatiba dutenentzako edo ez dutenentzako… Hemen lantzen ditugun dinamikak barneratu eta enpresatan aplikatuz gero, oso ondo baloratuko dituzte». Bere esperientziatik, Zelaiak ere asko lagundu dio taldeari, eta laguntza hori eskainiz, bere arloan berritzen joateko baliagarria izan zaiola aitortu du. Bou Sarean jendea ‘konfort gunetik’ kanpora dagoela dio, langabezian, deseroso; eta lanerako gaitasunak lantzen ari direla. «Inizitiba hartzen ari dira, eta beren ikuspuntua azaltzeko gai dira. Enpresa askok hori bilatzen dute», aipatu du.