Gernikako Merkatari Elkarteak neguko outleta antolatu du otsailaren 17 eta 18rako. Bosgarren edizioa izango da, eta Jai Alai pilotalekuan bilduko dira herriko 23 merkatari, beraien produktuak saltzeko. Neguko outleta “herriko merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko apustua” dela esan du Merkatari Elkarteko kide Mikel Gerenabarrenak.

Pretsaurrekoan esan dutenez, produkturik onenak jarriko dituzte salgai asteburuko outletean. Gainera, eskualdeko mugetatik haragoko jendea erakartzeko ahalegin berezia egingo dute aurten. Horretarako, eskuorriak banatuko dituzte Gernika-Lumoko azokan, Bermeokoan eta baita Zornotzakoan ere. Gainera, otsailaren 17ra bitartean, outletean parte hartuko duten dendariek horren berri emango duten poltsak erabiliko dituzte. Promozio kanpaina indartzeko jardueren artean, gainera, Gernikako Merkatari Elkarteak outletaren publizitatea egingo du Bidebusean.
Dendako zerbitzu bera. Kalitatezko produktuak eta beherapen handiekin. Hori da bezeroek Jai Alaiko outletean aurkituko dutena. Barikuan, hilaren 17an, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango dute outleta zabalik. Zapatuan, hilaren 18an, 10:00etatik 14:30era jarriko dute. Gerenabarrenak zehaztu duenez, dendan eskaintzen duten zerbitzu bera emango dute Jai Alai frontoian ere: “Outletean erositako produktuak aldatzeko aukera izango dute bezeroek, eta zenbait dendarik txartelagaz ordaintzeko aukera ere emango dute”. Herritarrak erosketak egitera animatu dituzte merkatariek, “dirua herrian gastatzeko deia egin nahi diegu”, esan dute. Izan ere, produktuak kalera atertazea herriko ekonomia suspertzeko apustu bat dela esan du Gerenabarrenak.
Zozketa. Otsailaren 17 eta 18ko outletean erosketak egiten dituztenen artean bi lagunentzako
Visit Urdaibai bisita gidatua zotz egingo dute. Zozketa zapatuan egingo dute, 14.00etan. Horrela, bezeroen fideltasuna saritu gure dute Gernikako merkatariek. Gainera, umeentzako puzgarriak eta taberna zerbitzua ere egongo da egun bietan.