Errefuxiatuen krisiaren erdian hunkituta sentitu eta sufritzen ari direnei laguntzea erabakitzen duten boluntario asko eta asko daude.
Zabala, emakume bat eskife batetik ontzira igotzen. Argazkilaria: Olmo
Gotzon Zabala eta
Jon Garcia bermeotarrak horietako bi dira.
Errefuxiatuek bizi duten egoera latza lehen eskutik bizi ahal izan dute.
Zabala itsasoan egon da, itsas salbamendukoekin lanean;
Garcia, berriz, Kios uhartean (Grezia)
errefuxiatuei jaten ematen egon da Zaporeak taldeagaz. Bermeoko bi boluntarioek diotenez, «gogorra bada ere, esperientzia aberasgarria da». Hala, jendea animatzen dute boluntario lanak egitera.
Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz (GKE) lanean egon da Zabala hamabost egunez. Joan den astean iritsi zen Bermeora. «Bi asteko txandak egiten dituzte boluntarioek. Ez dute denbora gehiago egotea gomendatzen, fisikoki eta psikologikoki gehiago egotea ez omen baita ona», dio Zabalak.
Maltatik atera eta Libiako kostalderako bidea egin zuen bere egonaldian, Libiako kostaldetik 12 miliara geratzen ziren errefuxiatuen ontzien zain. Ondoren, bera egon den bi asteetan,
itsasoan hartutako errefuxiatuak Siziliako herri txiki batera eroan zituzten, kanpamentuetara.
Itsasoan noraezean dauden errefuxiatuak bilatzeko zenbait modu badaudela dio Zabalak: «Bat, esaterako, satelite bidezko telefonoa da. Trafikatzaileengandik jasotzen dute telefonoa errefuxiatuek, itsasoan noraezean daudenean abisua emateko. Eurak, hortaz, badakite badaudela salbamendurako ontziak. Gertatzen dena da, ezin daitezkeela itsasora ateratzen diren txalupa guztiak erreskatatu. Horietako batzuk bidean geratzen dira, beste batzuk, ordea, ez ditugu aurkitzen, une horretan ez dagoelako inor erreskatea egiteko». Izan ere, erreskate bat egin ostean, porturako bidea hartzen dute, eta bi eguneko bidea dagoela dio.
Behin portura iritsita, bestalde, ontzia desinfektatu beharra daukate, «hazteria eta tuberkulosia izaten dute asko eta askok». Horretarako ere denbora behar dute. Hortaz,
irteera batetik bestera, gutxi gorabehera, aste bat dagoela jakinarazi du Zabalak.
Eskifeen bidez
Ontzi ezberdinetan sartzen dira errefuxiatuak: gomazko txalupek 140 errefuxiatu inguru hartzen dituzte; gehiago ordaintzen dutenek 30 lagun inguruko txalupetan doaz; eta, badaude, hiru bizkar dauzkaten olezko ontziak ere; horietan, 800 lagun inguru doaz.
Egoera «oso tristeak» ikusten direla dio Zabalak: «Nik, zuzenean, ez dut hilik ikusi. Baina bideoetan erakutsi didate. Ume jaioberriak itota, amak oihuka, gorpuak uretan…».
Itsas salbamenduko ontzia ez da txalupetara hurbiltzen, eskifeak erabilita egiten dute erreskatea. «Eskifea ikusterakoan urduri jartzen dira errefuxiatuak, eta arrisku handia egoten da. Sorosleek lan handia daukate. Lehenik eta behin, lasaitasuna eskatzen die barrukoei. Lehenengo gauza, salbamendu jantziak jartzea izaten da. Ondoren, txalupetatik lehenak ateratzen umeak eta amak izaten dira». Eskife bakoitzean 15 lagun inguru joaten dira.
Ontzira iristerakoan, errefuxiatuak beldurtuta egoten direla dio Zabalak. «Ez dakite zer aurkituko duten; batzuk, gainera, esklabo izatetik datoz; emakume askok bortxatuak izan direla kontatzen dute. Umeek bi egunetan irribarrerik ez dute egiten, lorik egin barik egoten dira negar eta negar… Askok, gainera, lehenengo aldiz ikusi dute itsasoa, ez dakite igeri egiten. Kolpe handia da eurentzat».
Askok erredurak edukitzen dituzte, «txalupetako gasolina eta ur gazia nahasterakoan sortzen zaizkien erredurak dira. Bigarren mailako erredurak direla diote medikuek». Aipatu duenez, ontzian mediku bat eta erizain bat doaz errefuxiatuak artatzeko.
Gosea eta egarria edukitzen dute, baina ez Zabalak uste zuen modura: «Tea eta ezer gabe egositako arroz zuria dituzte gustukoen». Bazkaria banatzerako orduan, ilaran jartzen dituzte errefuxiatuak, eta datuak hartzen dizkiete; «ez da erraza izaten horiek gidatzea».
Denetan
gogorrena, Zabalarentzat,
umeak nolako egoeran iristen diren ikustea izan da: «
Zorabiatuta egoten dira.
Errealitateak fikzioa gainditzen du». Une askotan, arnasa hartzeko gelditu beharra eduki zuela gogoratzen du.
Garciaren bitartez hartu zuen Zabalak boluntario lanak egiteko erabakia, eta
berriro bueltatzeko asmoa dauka: «Gogorra bada ere,
aberasgarria delako». Leku berera bueltatu nahiko luke martxoan.
Italiako gobernua egiten ari den lana goraipatu gura izan du Bermeoko boluntarioak: «Inork ez du horien lana aitortzen, eta, Europa, gainera, lepoa ematen ari da».
Gatazketatik ihesi doazenak pertsonak direla gogorarazi gura izan du bermeotarrak, eta eskuak zabaldu beharrean, lepoa ematen ari garela. «
Lotsatu egiten nau europarra izateak».
Garcia bermeotarra, sukaldean lanean
Hiru hilabete laguntzen
Tarteka, baina
hiru hilabetez boluntario egon zen iaz
Jon Garcia. Bere esperientzia, hala ere, ezberdina izan zen. Errefuxiatuei jaten ematen dien Zaporeak ekimenagaz egon zen Kios uhartean, hain zuzen. Egunkari batean irakurri zuen sukaldarien bila ari zirela, boluntario modura lan egiteko. Etxekoekin berba egin ostean,
2016ko apirilaren 22an joan zen Kiosera, lehenengoz.
Esperientzia hasi aurretik, baina, herriko zenbait enpresa bisitatu zituela dio, laguntza eske, eta kontserba askogaz joan zen Kiosera.
Hiru aste egin zituen lehenengo aldi horretan. Etxean hilabete egin ostean, bueltatu egin zen Kiosera, beste hilabete bat, sukaldari lanak egitera. Hilabete horren ostean, hamar eguneko atsedenaldia hartu zuen, eta hirugarren aldiz joan zela azaldu du beste hilabete baterako.
Ohikoena, hiru asteko txandak egitea dela jakinarazi du Bermeoko boluntarioak: «Hiru asterako baldin bazoaz, Zaporeak taldekoek ordaintzen dizute bidaia, gutxiagorako bada, berriz, norberak ordaintzen du».
Gorabehera ugariko esperientzia modura gogoratzen du: «
Negar zein barre egiteko denbora dago. Une latz asko daude, istorio oso gogorrak entzuten baititugu. Joan aurretik badakizu gogorra izango dela, eta miseria ezagutzeko aukera edukiko duzula. Hala ere,
telebistan ikusten dena hirukoiztu egiten da han zuzenean egoera ikusten duzunean».
Hiru kanpamentu daude Kiosen, horietako
bat herri erdian dago, udaletxe ondoan;
beste bat, berriz,
mendialdean dago, Vial dauka izena. «Azken horretan,
Guantanamon daudela ematen du;
kontzertina erabilita, gune guztia dago hesituta. Terroristak izango balira modura dauzkate».
Vial kanpamentua Kiosen
Gehienek ez daukate ezer, batzuk, hala ere, diru apur bategaz iristen dira, «baina diru hori amaitu egiten da». Greziako gobernuarengandik jasotzen dute janaria kanpamentuetan, «Atenasetik dator, eta, beraz, uhartera heltzen denerako janaria egoera txarrean egoten da. Harren bat edo beste ikusi izan dut inoiz», dio Garciak.
«Guk,
Zaporeak taldekook, eguneko osagaiak erabiltzen ditugu janaria prestatzerakoan: barazkiak, fruitak, arroza, dilistak, indabak…
Gehienez, 1.700 lagunentzako bazkaria prestatu izan dugu, egunero. Jende kopurua, hala eta guztiz ere, gutxitzen joan da denboragaz; gaur egun, 1.100 lagunentzako bazkaria prestatzen dute».
Zaporeak taldeko boluntarioak hilabete batzuetarako joan ziren, baina urte bat daramate, errefuxiatuek asko eskertzen baitute haien lana.
Erasoak
Garcia Kiosen lanean zegoela, Zaporeaken sukaldea erasotu zuten. Sukaldean sartu, eta 1.300 lagun ingururentzako prest zeukaten janaria lurrean botata aurkitu zuten. Kolpe latza izan arren, errefuxiatuentzat janaria prestatzea lortu zutela dio Garciak. Atea zigilatuta ere aurkitzen zuten askotan. Elkartearen sukaldeak hainbat eraso jasan dituela eta, tokiz aldatzea erabaki dute. «Batzuek zioten erasotzaileak faxistak izan zitezkeela. Nire ustez, baina, herriko jendea zen. Trankil bizi ziren gu iritsi arte. Guk zalaparta sortzen genuen herrian, dena ez zen lan egitea eta», azaldu du Garciak.
Garcia umeekin jolasean Kiosen, puztukiak banatzen
Betirako lagunak egin ditu, eta
errefuxiatu batzuekin harremana mantentzen du oraindik. Gehienek telefono mugikorrak dauzkate, edo sare sozialak erabiltzen dituzte harremanetan jarraitzeko.
Harreman horiek dira Garciarentzat oroitzapenik onenak. Momentu zailenak, berriz, Garciarentzat ere, umeekin bizitakoak izan ziren.
Laguntzera doazela dio Garciak, baina
ematen dutena baino gehiago jasotzen dutela azaltzen du: «Euren kanpamentuetako ateak beti dauzkate zabalik, tea hartzera gonbidatzen gaituzte, eta daukaten apurra elkarbanatzen saiatzen dira».
Boluntario esperientzia berria hasiko du domekan Garciak. Oraingoan,
Proactiva Open Arms-eko ontzira doa. Hamabost egunez, sukaldari lanak egingo ditu han ere.