Epailearen erabakiaren zain geratu da Seijo
Epailearen erabakiaren zain geratu da Andoni Seijo Lekeitioko EH Bilduren zinegotzia, atzo Andoni Gabiola Toñua-ri Lekeitioko udaletxean egindako ongietorriaren harira Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ondo- ren. Lekeitioko koalizioak jakitera...
Atzo goizean ordubetez deklaratu ostean, libre utzi zuen EH Bilduren zinegotzia Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ikertu gisa deklaratu zuen Seijok, Covite biktimen elkarteak aurkeztutako salaketa bat tarteko. Iker Urbina abokatua ondoan zuela irten zen zinegotzia auzitegitik, eta ez zuen adierazpenik eskaini.
Irailean jarri zuen Covitek salaketa Lekeitioko Udalaren kontra. Andoni Gabiola preso politiko ohiari omenaldia egiteko udaletxeko bilkura-aretoa erabili zutela eta, udalak «terrorismoari gorazarre» egin ziola argudiatu zuen elkarteak.
Urratsak emateko garaia
Covitek salaketan jaso zuenez, ehunka pertsona bildu ziren udaletxean, eta «preso ohia alkatearen aulkian jesarri zen».
Carlos Urquijo orduan Espainiako Gobernuko ordezkari zenak ere Lekeitioko Udala salatuko zuela iragarri zuen.
Barikuan eduki zuen zitazioaren berri Lekeitioko EH Bilduk. Horren harira, «gatazka politikoa gainditzeko urratsak eman eta jazarpen logiketatik ateratzeko garaia» dela esan zuten. «Euskal gatazkaren konponbidean urratsak emateko gizarte honen parte diren eragile guztiak dira beharrezkoak, eta dinamika normalizatuak eraikitzea ezinbesteko lana da gure herrian. Lekeitioko EH Bilduk argi dauka zentzu honetan lanean jarraituko dugula».
Era berean, koalizioak gogor salatu du Madrildik «oraindik ere herri honen gainean egiten den jazarpena». Lekeitioko EH Bilduren ustez, «zentzugabeko auzi» hori hainbat arinen geratu beharko litzateke bertan behera. «Politikoki jarrera inmobilista ulertezina mantentzetik hasita, konponbidera begirako urratsak oztopatu eta kriminalizatzean tematuta mantentzen da Madrilgo gobernua», azpimarratu dute.