Finlandiar jatorria duen Kiva egitasmoa martxan da Euskal Herriko 52 ikastolatan. Eskola jazarpenari aurre egiteko
programa aitzindaria ezarri duten ikastola horien artean Busturialdeko bi ikastola daude: Gernika-Lumoko Seber Altube eta Bermeoko Ander Deuna. Urtarrilean programagaz hasi diren ikastolak lehendabizikoak izan dira, eta Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, etorkizunean Euskal Herriko guztietara hedatzea da helburua.
Kiva programarik ezagunenetariko eta eraginkorrenetariko bat da, eta beronen helburua, oro har, ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea. Horretarako, taldean eragitea berebizikoa dela diote sortzaileek. Beste modelo batzuk biktima eta erasotzailean oinarritzen dira; Kivak, ostera,
taldean eragiten du, kasu askotan “
bullying-a taldeko fenomenoa” ere badelako. “Erasotzaileagaz eta biktimagaz modura, taldeagaz ere lan egin beharko da. Taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du”.
Arazoari
modu integral batean eman nahi zaio erantzuna, eta hori dela eta, ikas komunitate osoa – ikasleak, irakasleak, langileak eta baita gurasoak ere– inplikatzea proposatzen du, eskola jazarpenarekiko sentsibilitate handiagoa ager dezan. Modu horretara, jazarpen kasu asko eragozteaz gain, prebentzioa ere asko lantzen da. Eta kasuren bat gertatuz gero, horiek azkarrago antzematea erraztu du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere. Ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie, eta hori planteatzen du egitasmoak.
Kiva ikurra irudikatzen, Ondarroan. Argazkia: Zubi Zahar ikastola
Prebentzioa lantzea ezinbestekoa da, eta horretarako
beharrezkoa da maila guztietan eragitea. Umetatik hasten dira programa ezartzen eta lantzen, hiru taldetan banatuta: 6-9 urte bitartekoak, 10-12 urte bitartekoak eta 13-16 urte bitartekoak.
Horretarako, ikasmaterial zehatz jakin batzuk ekoitzi dira, ikasleei, irakasleei eta gurasoei zuzenduta. Material horren bitartez, gelan hainbat balio lantzen dira, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Besteak beste,
bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat salatzea eta biktimaren alde jartzea bultzatzen da. Era berean, eskola jazarpena antzemateko baliabideak ere jartzen ditu.
Gurasoek ere paper garrantzitsua. Hamar unitate didaktiko batzen dituen ikasgaietan, ikasleek jazarpenaren kontra borrokatzeko bideak ikasiko dituzte. Ikasgaietan, besteak beste, eztabaidak, taldeko lana, eskola jazarpenari buruzko film laburrak eta rol jokoak sartzen dira. Ikasgaien osagarri modura, gainera, bideojoko bat ere sortu dute, ikasitakoa birtualki lantzeko.
Gurasoek ere paper garrantzitsua jokatzen dute
bullying-aren aurka, eta ikastetxeek gurasoentzako ere hitzaldiak antolatzen dituzte eskola jazarpenak euren seme-alabengan eragin ditzazkeen arazoei aurre egiteko. Era berean, gurasoentzat bereziki prestatutako gida bat ere sortu da. “Gida hori baliogarria da bai semea edo alaba erasotua bada, bai erasotzailea bada, eta bai ikuslea bada ere”.
Eskola jazarpena fenomeno globala eta larria da. Ikasleen %10ak jasaten dituzte bullying kasuak
Biktima askok euren kasuen berri ematen ez dutela kontuan hartuta, gainera,
postontzi birtual bat ere sortu dute. Bertan, salaketak isilpean eta era anonimoan egin ahal izango dituzte biktimek edo eraso baten lekuko izan direnek.
Eskola jazarpena, gainera, fenomeno globala eta larria da. Datuek erakusten dutenaren arabera, hamar ume eta nerabetatik batek jasaten du edo jasango du bullying-a. Ikasleen %8 inguru, bestalde, eskola jazarpenaren egile izan dira edo izango dira, eta beste %7 haien laguntzaile izan dira edo izango dira. Ikusle edo lekukoei dagokienez, gehigo dira erasotzailearen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17). Beste %35 ez dira ohartuko eskola jazarpenagaz.
Eskola jazarpen kasuetan esku hartzeko, bestalde, gutxienez hiru irakaslez osatutako
Kiva taldea osatzea ere proposatzen da. Gelako irakasleagaz batera, jazarpen kasuei irtenbidea ematen saiatzen da taldea; berebizikoa da biktimari laguntasuna ematerako orduan. Kiva taldearen bidez bidea moztu zaien kasuen %98an, egoera nabarmen hobetu dela diote azterketek.
Ikasle batzuk Kiva ikasgaia lantzen. Argazkia: www.utu.fi
Hastapena. Kiva Koulu –
Kiussamista Vastaan berba finlandiarren akronimoa– Finlandiako Hezkuntza Ministerioak finantzatu eta Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eredu bat da. Metodoa iraultza izan da hezkuntza komunitaterako: Mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena da.
Egitasmoa ikerketan oinarritutako sistema bat da, eta haren helburu nagusia jazarpen arazoak aurre egin eta murriztea da. Finlandian, esate baterako, 234 ikastetxetan egindako azterketa batean
emaitza ikusgarriak lortu dira. Programari esker ikastetxeen %79an eskola jazarpena guztiz desagertu zen, eta beste %18an kasuak gutxitzea lortu zuten.
Finlandian bertan, hamar eskolatik bederatzitan ezarri dute, eta programa
Finlandiatik kanpo ere eraginkorra dela ikusi da, besteak beste, Italia, Erresuma Batua, Herbehereak, Frantzia, Belgika, Suedia, Alemania eta Amerikako Estatu Batuetan. Datuak oso baikorrak dira, eta programa ezarri eta urte beteko epean, jazarpen kasuak %30-35 murrizten direla ikusi da orain arte.