Eragone Anasagasti Erkorekak (Bermeo, 1978) bere esperientzia azaldu gura izan du, egoera berdinean egon litezkeen gurasoei lagundu aldera. Bere alaba Eider mutil jaio zen.
Eragone Anasagasti
Noiz konturatu zen Eider neska bat dela?
Berak betidanik jakin izan du. Txikitatik eskatu ditu printzesan mozorroak, eta etxean neska janzten zen; ni baino hobeto dabil orpo luzeko zapatekin. Guk, baina, pentsatzen genuen homosexuala izan zitekeela, gaur egun, agian, normalizatuago dagoelako. Antzerki tailer batean ere ibili zen, ondo sentitzen baitzen antzezten. Hala ere, gu ez ginen gai izan benetan sentitzen zuena ikusteko.
Gaur egun, gainera, gurasook lanean ematen ditugu ordu asko eta seme-alabekin egoteko denbora gutxi edukitzen dugu. Bere amumagaz denbora asko ematen du eta bera ohartu zen Eider ez zela homosexuala. Urte bateko epean gertatu da guztia. Eiderrek 12 urte ditu, apirilean 13 urte beteko ditu. Pertsona urduria da Eider. Hala ere, iaz, Aste Santu bueltan, urduariago asmatu genuen, ezinegona zuen. Irakasleek ere hainbat aldiz deitu ziguten.
Gurasoak bananduta gaude, eta, askotan, horrekin lotzen genuen gure alabaren jarrera. Hala ere, uste dut egoera hori nahiko ondo eroaten jakin izan dugula.
12 urterekin, baina, aldaketa nabarmena izan zen, adin zaila ere bada. Argiago ikusten zituen gauzak eta bere gorputza identifikatzen hasi zen.
Familiako batzuek, oraindik, ez dute aldaketa onartzen eta Ibai izenez deitzen diote umeari.
Zer da zuri gehien kostatu zaizuna?
Pentsaera aldatzea eta beste pertsona bat ezagutzea. Nire seme Ibai, Eider bilakatu zen, eta prozesu hori zaila izan da. Baina beti izan da neska, hala jaio da. Fisikoki ere neska baten antza eduki du beti. Neska polita da, ez du askorik behar.
Prozesuaren hasiera, baina, ez zen erraza izan. Ohera sartzen zen bularretakoekin eta ohe atorra jantzita. Ez zen gogorra izan nire alaba onartzea, nire alaba ezeren gainetik dagoelako; gogorra prozesua metabolizatzea izan zen.
Txarto sentitzen hasi nintzen; digestioa gelditu zitzaidan, botaka ibiltzen nintzen… Astebeteko bakarraldia hartu behar izan nuen. Emozioak antolatu beharra neukan. Ez zen alabaren gaia bakarrik, gauza asko daude tartean. Familia antolatu beharra genuen. Alaba txikiago bat ere badaukat. Guztiak gogor eta elkartuta egotea beharrezkoa da. Nire gizonarentzako ere ez da erraza izan. Ez du aitaren aginpidea, eta ahal izan duen modura eraman du.
Familiako batzuek, oraindik, ez dute aldaketa onartzen eta Ibai izenez deitzen diote umeari. Eider gogorra da eta nortasun handikoa da. Hala ere, borroka barrutik darama.
Ulertzekoa da guztiok ez dugula berdin pentsatzen. Ni ama naiz eta nire enpatia naturala da, ez dut esfortzurik behar enpatia sortzeko. Agian, beste norbaitekin ez nuke enpatia bera edukiko, ez dakit. Horregatik, ezin diet gainontzekoei enpatia bera eskatu. Hala ere, umearen egoeran jarri beharko lirateke, bere sentimenduak aintzat hartu.
Laguntza behar izan du?
Ez, nahiz eta eskaini diguten, ez da joan. Lehenago bai, eskolan arazoak eduki zituenean, urduritasunagatik eta oldarkortasunagatik. Lehen, orain baino burla gehiago egiten zizkioten. Nik, gainera, ez nekien ezer. Irakasleek esan zidaten maritxu eta horrelakoak esaten zizkiotela. Hori entzun nuen momentuan negarrez hasi nintzen. Nik umea ondo eta pozik ikusten nuen.?Baina nire alaba sufritzen ari zela konturatu nintzenean, baina, mundua gainera etorri zitzaidan. Orduan hasi ginen psikologoekin oldarkortasuna lantzeko, eta saio horietan hasi ziren gauza asko ateratzen. Oso arin gertatu da dena, urte bateko epean.
Nik bere hitzetan jakin gura nuen zer pentsatzen zuen, konfidantza eduki behar du nigan, eta hala esan zidan: «Ama, mutilak ditut gustuko, baina ez homosexuala naizelako, neska heterosexuala naiz». Berak oso argi zeukan. Trankil egoteko esan nion, eta, zelan ez, nire laguntza osoa izango zuela.
Udaberri hasieran, arropak aldatzeko orduan, erosketak egitera joan ginen, eta orduan hasi zen nesken arropak erosten. Hasiera batean, gauza basikoak erosi nizkion. Gogorra egiten zitzaidan egun batetik bestera aldaketa hori barneratzea.
Eskolan zelan hartu dute?
Oso ondo. Bere irakaslearen jarrera oso ona izan da. Guri azalpenak emateko sexologo bat ekarri zuten, eta gaiari buruzko azalpenak emateko protokoloa martxan jarri zuten. Hala, irakasleek, ikasleek eta gurasoek informazioa jaso zuten. Eskerrak eman behar dizkiet.
Eta lagunek?
Neskekin ibili da betidanik, hortaz, zentzu horretan ez da aldaketarik. Bere eguneroko bizitzarekin jarraitu du, baina indarra hartuta. Gainera, gauza normalizatzen joan denean eta ispiluan bere burua bere gustura ikusten joan denean, gauzak hobetu egin dira. Jarrerak ere hobera egin du. Ekainean, eskolakoekin Zuatzura joan zen, eta hara bikiniagaz joan zen. Ez zeukan zentzurik mutilen bainujantzi bategaz joatea Eider bada. Behin aurrerapausoa emanda, ezinezkoa zen atzera egitea.
Ez zeukan arazorik mutilekin lo egiteko, ohituta zegoela esaten zuen eta ez zituen bere lagunak behartu nahi. Hala ere, ez zuen arazorik eduki, lagunek ez zuten arazorik izan eta eurekin egin zuen lo. Oso ondo ibili zen. Nik, baina, beldurra neukan.
Guretzako errazago izango litzateke Eiderrek bere gorputza onartzea, bai eta gizarteak onartzea ere.
Sare sozialetatik aurkeztu zenuen zuk zure alaba. Zelan hartu zenuen erabaki hori?
Nik meditazioa egiten dut. Buruan mugimendu asko dituzunean, ez zara gai izaten barruan dagoena ateratzeko. Meditatzen nengoela, beharrizan hori sentitu nuen. Munduari esan behar nion nor zen nire alaba, eztabaidak saihestu aldera; baina ez jendeak zer dioen axola zaidalako, beharrezkoa zelako baino.
Bestalde, ez da ohikoa izaten horrelako kasuak ikustea, eta ziur nago asko egongo direla. Horregatik, beste batzuei laguntzeko modua ere bazela pentsatu nuen. Ni ez naiz egoerarekin konturatu Eiderrek 12 urte eduki arte. Agian, beste guraso batzuk goizago konturatu daitezke. Prest nengoke edozeini laguntzeko.
Crhysallis elkartearen kanpainak zeresan handia eman du azken asteetan. Zer deritzozu?
Bere garaian elkarteagaz harremanetan jarri nintzen, baina, gero, Eiderrek ez zuen elkartean sartu gura izan. Chrysallisetik zabaldu gura duten mezua oso polita da. Polita da esatea badaudela neskak zakilarekin eta mutilak aluarekin. Gauza da gizartean generoa existitzen dela; hau da, neskak eta mutilak daude.
Nire alaba, esaterako, tratamenduagaz hasita dago, bi indizio jarri dizkiote jada, testosterona gelditzeko. Naturaren aurka goaz, bere burua neskarena bada ere, gorputza mutilarena daukalako. Sendagaiak direla badakigu, toxikoak. Guretzako esperimentala da eta beldur apur bat badaukat, baina aurrera egin beharra daukagu.
Guretzako errazago izango litzateke Eiderrek bere gorputza onartzea, bai eta gizarteak onartzea ere. Baina nire alabak 18 urte eduki gura ditu ebakuntza egiteko. Ama batentzako oso gogorra da hori. Ondo ikusiko nuke ebakuntza goizago egin ahal izatea. Umeak argi baldin badauka zer gura duen, zergaitik ez? Sexualitatea bizitzeko unerik politenak kenduko dizkiote.
Chrysallesetik lan handia egiten ari dira, baina gu ezin gaitezke elkartean sartu nire alabak beste pentsamendu bat duelako. Nire alabak ezingo luke ekarpenik egin elkartean, eta gu ez gaude kalte egiteko, baizik eta laguntzeko.
Ez ditu genitalak onartzen, hortaz.
Ez. Etorkizunera begira baino ez dago sexua aldatu ahal izateko. Horregatik, uste dut asko sufrituko duela. Nire alabak onartzen du, eta errespetatzen du, badaudela bere genitalak onartzen dituzten pertsonak, baina ez dago horregaz ados, jakin badakielako gizartean generoak existitzen direla.
Nire alabak mugak ditu; berak mutilak ditu gustuko, baina mutilek ez dute bera gustuko. Agian, kanpotik bai, polita delako, baina denek dakite zer daukan. Nork onartuko du? Guk gurasook, guraso modura bai, baina gizarteak? Zenbat lagun daude horretara zabalik?
Chrysallesetik lan handia egiten ari dira, baina gu ezin gaitezke elkartean sartu nire alabak beste pentsamendu bat duelako. Nire alabak ezingo luke ekarpenik egin elkartean, eta gu ez gaude kalte egiteko, baizik eta laguntzeko.
Ea etorkizunean posible dugun genero gabeko gizarte ireki batean bizitzea. Baina lan asko dago egiteko, eskoletatik hasita.
Sareginek Bermeoko Feministen Sareak, esaterako, komun komunen aldeko kanpaina hasi zuen.
Zelako lan ona egiten ari diren! Oso gustura egon gara eurekin, itzelak dira! Generoa eta identitatea lantzeko jardunaldietan ere parte hartu genuen.
Erakundeetatik laguntza jasotzen al duzue?
Uste dut beste modu batera lanean hasi behar direla. Guk, Gurutzetako ospitalean badaukagu genero nahasmendurako unitatea. Izen hori bai aldatu beharko luketela, transexual berba oso egokia ez bada, zer esan genero nahasmenduaz? Horrekin bai amaitu beharra daukagula. Hemendik dei egiten diet, mesedez, unitatearen izena aldatzeko. Psikologoak, psikiatrak eta endokrinoak daude unitate horretan.
Gurasoak ez gaude mugak jartzeko, mugak eta oztopoak jartzeko badago, momentuz, gizartea. Guk gure seme-alabei trabarik gabe laguntzen baldin badiegu, gizarteak hori ikusiko du eta ohitzen hasiko gara.
Izena aldatzea posible du alabak?
Epaitegian galdetu nuen eta, esan zidatenez, ezin zitekeen Eider izan, Euskal Herrian Eider izena neskentzako baino ez delako eta NAN dokumentuan, berriz, 18 urtera arte ezin delako emakumezkoa dela jarri. Banketxean ere, kontu korronte bat zabaltzeko, ezin dut Eider modura egin. Beraz, bidean oztopoak baino ez ditugu. Gauza horiek aldatzen saiatu behar gara.
Zure egoeran dauden gurasoei zer esango zenieke?
Euren seme-alabek argi baduten nortzuk diren, gurasoak ez direla inor umeek sentitzen duten hori eztabaidan jartzeko. Entzun egin behar diete seme-alabei, zer sentitzen duten galdetu eta lagundu. Gure seme-alabei laguntzeko gaude. Gurasoak ez gaude mugak jartzeko, mugak eta oztopoak jartzeko badago, momentuz, gizartea. Guk gure seme-alabei trabarik gabe laguntzen baldin badiegu, gizarteak hori ikusiko du eta ohitzen hasiko gara.