"Ahozko ondarea, Eako berbak eta hizkerak jasotzea garrantzitsua da"
Noizkoak dira grabaketak? Grabaketekin 2012an hasi ginen, eta gehienak ordukoak dira. Beste batzuk 2014an egin genituen, eta azken grabaketa 2015ekoa da. Kontua da ondoren Ahotsak-eko lana utzi egin behar izan nuela, eta proiektuagaz segitu nuen, baina nire denbora librean. Berbaldi ederrak izan nituen haiekin, eta Ahotsak-en gidoia lagungarria bada ere, uste dut garrantzitsua dela ez moztea, elkarrizketa librea izatea eta elkarrizketatua eroso sentitzea. Galdera asko elkarrizketa egiterakoan sortzen dira. Askok esaten zidaten zertarako gura duzu hori ba? Hasieran oso urduri egon arren, lasaitu, eta denetarik kontatzen zidaten, kontatu behar ez dituztenak ere bai askotan! Ordu asko egin dituzu haien bizipenak jasotzen. Bateko eta besteko hamaika kontu entzungo zenituen. Denetarik kontatu didate: bertoko abestiak, pasadizoak, Olentzeron inguruko aspaldiko kontuak, sanjuanak, herriko jaiak… Bizipen horrek jaso eta non edo non gordeta geratzea ere bazen helburua. Gehienak hasieran urduri hasten dira, baina lasaitzean denetarik kontatzen dute. Ahotsak-ek badu gidoi antzeko bat, galdera batzuk zehaztuz. Hori lagungarria da, esate baterako, isilik geratu edo zer kontatu ez dakitela geratzen diren momentuetan, baina libreak dira. Bakoitzari nahi duena kontatzen uzten zaio. Hori da garrantzitsuena; bakoitza nahi duenaz aritzea. Gainera, zu eatarra izanda, erosoago egongo ziren. Herrikoa izateak konfiantza giro hori sortzen laguntzen du bai, eta Gonzaloren eta Aranbururen laguntzak asko erraztu dit lana. Izan ere, Eakoa naiz, eta eatarrak ezagutzen ditut, eta haiek ezagutzen naute. Baina Bedaronako eta Natxituko askok ez naute ezagutzen. Oso ezberdina da auzo bakoitzeko errealitatea. Natxitun eta Bedaronan jendea lortzen Aranburuk lagundu zidan, eta Ean eta Bedaronan Gonzalok. Grabazioetan haiek egotean elkarrizketatuak erosoago sentitu ziren.“Jaso ditugun berba asko gaur egungo belaunaldiok ez ditugu erabiltzen”
Hizkeragaz batera, berbak ere jasotzearen garrantzia aipatu duzu. Berba asko gaur egungo belaunaldiok ez ditugu erabiltzen, eta entzun ez duzun edo noiz edo noiz entzun duzun hori jasotzea eta gordetzea polita izaten da. Ez ahazteko balio du. Hizkera ere desberdina da. Guk badaukagu beste herri batzuetako ukitua, eta, esate baterako, eskolan euskara batua ikasteak ere zelanbait eragina dauka. Haiek eskolan erdaraz egiten zuten, eta etxean, euskaraz. Lehenago ez ziren hainbeste irteten herritik. Abenduan aurkeztu zenuten proiektua Eskolondon. Zelako harrera izan zuen ? Dena beteta egon zen; giro ederra sortu zen, eta proiektua borobiltzeko modu polita izan zela uste dut. Protagonista batzuk bertan egon ziren; beste batzuk hilda daude, eta etorri ezin izan zutenen kasuan, senideak egon ziren. Arritxu Zelaia euskara eta kultura zinegotziak aurkezpena egin, eta nik proiektua azaldu nuen. Horregaz batera, Ahotsaken webgunea zelan erabili azaldu nien. Gero gai desberdinei buruzko hizlari bakoitzaren pasartetxo bana jarri genuen. Hizlariei eta senideei zintak banatu genizkien, DVDan jasota; horietan grabaketa osoak sartu ditugu. Aurkezpenaren osteko luntxean kontu kontari aritu ziren. Gainera, aurretik ezetza eman zidanetako bat hurbildu, eta galdetu zidan ea berari ere egingo nion, eta nik baietz erantzun nion. Interneten non kontsultatu behar dira? www.ahotsak.eus-en Grabazioak atalaren proiektuen barruan Eako Ahotsak topatu behar da. Grabazioen bilaketa lau modutara egiteko aukera ematen du: proiektuak, herriak, gaiak eta hizlariak. Ahotsak-en webgunea tresna garrantzitsua dela uste dut, munduko edozein lekutatik kontsultatzeko aukera ematen duelako, eta horrela, gure ahozko ondarea herritarren artean eta baita kanpora begira ere zabaldu ahal izatea.“Eskolondoko aurkezpena proiektua borobiltzeko modu polita izan zen”