Busturialdean lehen sektoreari bultzada emateko sortu dute JanTokikoa elkartea. Martitzenean egingo dute lehenengo asanblea, 18:00etan, Gernika-Lumoko Astran, eta deialdia zabala dela azaldu dute elkarteko kideek. Amets Elgezabal elkarteko presidenteak, Unai Kintana diruzainak eta Alex Zubia elkarteko kideak azaldu dutenez, baserritar talde baten ekimenez sortu da elkartea, baina herritar denek parte hartzea dute helburu.
Elkarte zabala izatea da beraien asmoa; diotenez, kontsumitzaileek edota merkatariek ere zeresana badutelako. Busturialdean lehen sektorearen egoerak okerrera egin duela diote JanTokikoa elkartekoek, eta martitzeneko asanbleara «orri zuri» batekin joango direla esan dute: «Lehen sektorea indartzearen alde egiteko prest gauden jakin nahi dugu, zelan egin behar dugun edota zenbat jende dagoen horretarako prest. Denen iriztiak batu nahi ditugu, ideak batu, eta talde modura nola jokatu behar dugun zehaztu».
Eskaria badago. Lehen pausoa elkar ezagutzea dela azaldu dute, eta epe laburrera nekazaritza bultzatzea eta baserri munduak eskualdean indarra hartzea dute helburu. Izan ere, JanTokikoa elkartean dauden ekoizle askok Allende Salazar ikastetxeko jantokia hornitzen dute. Hala ere, Busturialdeko nekazari eta baserritar denen artean ez dira gai ikastetxe horretan jaten duten ume denak elikatzeko. Gaur egun Busturialde osoko eskoletako jantokiak elikatu beharko balituzte, beraz, ez lukete genero nahikorik izango. Hala ere, diotenez, baserritarrek demanda badago. «Eskola jantokien gai horrekin eskaria handiagoa da eskaintza baino. Beraz, aukera bat zabaltzen zaigu erakusteko generoa behar dela, dagoena salduta dagoelako».
Baserriak aktibo ekonomikoa direla erakutsi gura dute JanTokikoa elkartekoek. «Allendeko proiektua dela-eta, nekazaritza uzteko erabakia hartuta zuen baserritar batek lanean jarraitzen du, eta beste bat lanean hasteko dago. Beraz, jantoki eredu hori eskualdeko eskola denetan inplantatuz gero, bertoko produktuen eskaria asko handituko litzateke; zer esanik ez etxeetan ere bertoko produktuak kontsumituko bagenitu», nabarmendu dute.
Lehen sektorea aktibo ekonomikoa eta turistikoa dela diote elkarteko kideek.
Lehen sektorea indartuta, lanpostuak sortuko lirateke, gainera. Elgezabal, Zubia eta Kintanak esan dutenez, zenbat eta baserritar gehiago egon, lanpostu gehiago leudeke eskualdean, eta langabetu gutxiago. Gainera, diotenez, aktibo turistikoa ere bada lehen sektorea: «Baserritarrak lanean gauden tokietan baserri inguruak zainduta daude; lehen sektorea zainduz gero, arrantzaleak egongo dira portuetan. Bermeoko portua ezin dugu saldu aisialdirako portu legez, itsasontzi handiak hartzeko gaitasunik ez duelako. Guk gurea saldu beharko genuke, arrantza ontziak».
Indarrak metatzeko. JanTokikoa-koek diotenez, lehen sektorea ez da«folklorea»: «Gernikako azokan, esaterako, heldu gara puntu batetara zeinetan plaza egunek indar gehiago duten turistak daudenean, eta hobeto saltzen dugu. Hala ere, bertokoek ere egunero jaten dugu».
“Ezin dugu zain egon, eta ezin dugu dena goian daudenen eskuetan utzi”
Horregatik, JanTokikoa elkarteak sektore desberdinak bildu gura ditu, eta baserritarrentzako aukerak egon badaudela uste dute. «Eskualdean merkatal zentru berriak eraikiko dituzte, eta hemengo produktuek horietan ez dute tokirik izango, ez dituzte bertan salduko. Baina denda txikietan bai sal daitezke. Beraz, momenturen batean indarrak bildu beharko ditugu merkatariek eta lehen sektorean gabiltzanok. Bertoko generoa saldu, lanpostuak sortzeko bai saltokietan eta baita baserrietan ere».
Bat egiterako, indarrak metatzeko eta sektorea indartzeko tresna izan nahi du JanTokikoa elkarteak. «Ezin dugu zain egon, eta ezin dugu dena goian daudenen eskuetan utzi», nabarmendu dute.