2013an Busturialdeko hamar herrik egin legez, Gernikako Ibarra industriagunea egokitzeko Plan Berezia idazteko eskatu du, berriro, Busturialdeko EH Bilduk. Koalizioaren esanetan, plan horrek inguru hori urbanizatzea eta lurzorua prezio interesgarrian eskaintzea ahalbidetuko luke, bigarren sektorea indarberritu asmoz. Busturialdeko EH Bilduren ustez, hori da eskualdea modu orekatuan berreskuratzeko giltzarria.
2015ean, Gernika-Lumoko industriagunea berriro aktibatzeko eskatu zuten EH Bildukoak ziren zortzi alkateek eta Murueta eta Ibarrangeluko alkate independenteek.
Busturialdeko EH Bilduk proposamen osoa mahaigaineratu zuen duela lau urte, baina oraindik eratzunik ez dutela izan salatu du. Halaber, “poriektuak saltzea erraza dela” salatu du koalizioak. “Unai Rementeriak 2015eko urrian Gernikako Ibarra birgaitzeko konpromisoa hartu zuen, eta horretarako beharrezko azterketa eta ikerketak aginduko zituztela adierazi zuen. Rementeriak eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, Gernikan Elkartegi bat egingo zutela esan zuten prentsaurrekoan, 8,2 milioi euroko inbertsioa egingo zutela eta 2016ko udarako lanak amaituta leudekela”, kritikatu du Busturialdeko EH Bilduk. Hala, “seriotasuna” eskatu du koalizio abertzaleak, eta eskualdeko etorkizunaren grapen sozioekonomiko arduratsuari erantzungo dion esku hartze publiko “konprometitua eta knpartitua” eskatu du.
EH Bilduk, gainera, gogora ekarri du Busturialdea ere krisi ekonomiko latzean murgilduta dagoela, eta gaur egun lana duten herritarren %70 eskualdetik kanpo lan egiten dutela.