Busturialdeko indusketetan aurkitutako zenbait pieza ikusgai egongo dira Arkeologia Museoan
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak Bizkaian egin diren indusketetan aurkitutako hamabost pieza bilduko ditu bihartik –urtarrilak 27– apirilaren 30era arte ikusgai egongo den Atzera begirakoa. Museoaren atzealdean erakusketan. Pieza horien guztien artean, Busturialdean aurkitutakoak ere ikusteko aukera izango du Bilbora bertaratzen denak.
Azken lau urteetan Museoa azternaz aztarna programaren barruan, banakako eran, erakutsi izan diren hamalau pieza bildu ditu eta denak batera erakusgai jarriko ditu Arkeologia Museoak bihartik aurrera.
Izaera desberdinetakoak dira horiek guztiak; «denboran zehar lurraldea okupatu zuten komunitate ezberdinek egin, miretsi, erabili edo baztertu zituztenak». Horien artean daude, esaterako, duela 130.000 urte Lezikako (Kortezubi) koban hil zen errinozero baten pelbisa, edo zaldun batek XIII. mendean Ereñozarreko gazteluan utzitako ezproinak, edota IV. mendean, norbaitek Errigoitin ezkutatutako txanponak.
Hamalau pieza horiekin batera, orain arte inoiz erakutsi ez den beste pieza bat ere bildu du aldundiaren museoak: Ursus deningeri espezieko eme heldu baten burezurra.
Aldundiak adierazi duenez, «antzinako aroei egiten zaien begirada» jasotzen du erakusketak, «orduko pertsonek zer sentitzen zuten eta nola bizi ziren eta nola hiltzen ziren ulertzen laguntzen duten denboraren kapsulen» bitartez ezagutu daitekeena.