Eako Udalak kontratua sinatu du Goiener kooperatibagaz
Prozedura zabalaren bidez esleitu dute energi-agiria, eta, guztira, hiru enpresa aurkeztu dira. Urtebeterako kontratua sinatu dute Eako Udalak eta GoienerrekEako Udalak eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak urtebeterako ...
Prozedura zabalaren bidez esleitu dute energi-agiria, eta, guztira, hiru enpresa aurkeztu dira. Urtebeterako kontratua sinatu dute Eako Udalak eta Goienerrek
Eako Udalak eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak urtebeterako kontratua sinatu berri dute, sei hilabeteko luzapen aukeragaz.Prozedura zabalaren bidez esleitu dute energi-agiria. Edozein enpresak eduki du proposamena aurkezteko aukera, eta hiru enpresa aurkeztu ziren denetara: Aura Energia, Iberdrola eta Goiener. «Udalak beti egin du energia berriztagarrien aldeko apustua, eta, horregatik, baldintza nagusiena energia berriztagarriak izan behar zirela zen», azaldu Iratxe Arriola Eako alkateak.
Arlo horretan orain arte zenbait pauso eman ditu udalak, eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dutela baieztatu du. Esate baterako, Eskolondon, bero bonba bategaz fotovoltaiko batzuk jarri zituzten. Halaber, Natxituko bolatokia berrizten ari dira gaur egun, eta horretarako, lur azpiko berotasuna erabiliko dute geotermia bero bonba bategaz.
Apurka-apurka proiektu batzuk gauzatzen dabiltzala zehaztu du Arriolak. «Energia berriztagarrien aldeko konpromisoa eta energia nuklearraren kontrako jarrera argia daukagu. Bedaronan energia nuklearra jartzeko egitasmo bat egon zen 70eko hamarkadan, eta sentsibilizazio berezia daukagu gaiarekiko. Garoñako borroka ere ez daukagu urrun, eta badakigu halako instalazioen inguruan bizi direnek zer jasan behar duten».
Haien konpromisoa gauzatzeko bidean, esate baterako, kanpoko argiteria guztia eta eraikin publiko guztietako argiteria lur azpian sartzen ari da udala, zatika-zatika. «Aurretik kale oso batean egin zuten, eta orain Donibane Enparantzaren inguruko eraikinen kableak lur azpian sartzen ari gara. Nahikoa garestia da dena egitea, eta zatika aldatzen gabiltza».
Beste alde batetik, orain dela gutxi eskuratu dute herriguneko kaleak garbitzeko makina elektriko bat. «Sistema isila» dela azaldu du alkateak, eta ez duela zaratarik sortzen, ez eta hautsik zabaltzen ere. «Batez ere, udako hilabeteetan herrian batzen den jendetzak eragindako zikinkeria garbitzeko orduan denbora asko aurreztuko digu», zehaztu du Arriolak.
Makina berri hori «langileentzako sistema errazagoa» dela nabarmendu du alkateak, eta herritarrentzat ere «erosoagoa» dela gaineratu du.