"Gainezka gaudenetan langile gehiago beharko genituzke"
Pedro Aranburu (Mallabia, 1953) Gernika-Lumoko osasun etxeko familia medikua da.
Gripeari dagokionez, nolako balorazioa egingo zenuke?
Txertoa hartzeko kanpaina luzatzen ari gara oraindik aurton. Abenduaren 17an amaitzekoa bazen ere, abenduaren 31ra arte luzatu zen, eta, oraindik ere, badago txertoa hartzeko aukerarik. Gripe kasuak aurten aurreratu egin dira; Gabonetan, esaterako, jende dezente gaixotu zen, eta hurrengo asteak ere nahikoa gogorrak izan dira. Urtarrila, nik uste, nahiko bero datorrela. Hala ere, nik uste dut hamabost bat egunetako gaixotasun bat dela; beti agertzen dena. Eta horren aurrean, beti hartu izan diren neurriak hartu behar dira.
Zeintzuk dira neurri horiek?
Beti hartzen ditugu neurri berak: parazetamolari lotutako analgesikoak hartzea; muskuluan min handia badaukagu, hanturaren aurkako sendagaiak hartzea; likido asko edatea eta nekatuta bagaude, atsedena hartzea. Ez da beste ezer egin behar.
Aurreko urteekin alderatuta, gogorragoa al da aurtengoa?
Gripea urte batzuetan gogortxoagoa izaten da, eta, beste batzutan, aldiz, leunagoa. Dena den, Gabon sasoia beti izan da gogorra gripeari dagokionez. Aurten, gertatzen dena da luzeagoa izaten ari dela gripearen sasoia, eta, golpean kasu gehiago agertzen ari direla. Zenbakietan sartzea ez zait gustatzen; egunerokotasunean, jende gehiago ala gutxiago ikusten baitut nik. Kontsultak nahikoa beteta ikusten ditugu guk aurten, eta etxeetara joateko abisuetan ere nabaria da kopuru igoera. Nik uste dut gripea badagoela indartsuago aurten, baina jaisten ere hasiko da laster. Gripearen ondorioz, gainera, beste hainbat gaixotasun ere pairatzen ditu pazienteak. Sinusitisa daukaten herritarrak etorri dira, adibidez, nire kontsultara.
Zuen lana errazteko, eta gaixoei irtenbide azkarrago bat emateko, zer egin beharko litzateke?
Beti esan ohi da triaje famatu hori bultzatu nahi dela. Zentro askotan egiten da, eta gurean ere ahalegintzen gara hori egiten, baina gure osasun etxea nahikoa berezia da; izan ere, triajea egiteko gutxieneko espazio bat behar da, eta hau erosoen artean ez da erosoena. Triajea egin ostean, hurrengo pausoa pazientea erizainarengana bideratzea izaten da, horretarako beharrizana badago. Gure erizainek egiten dituzte lan horiek, baina azken aukera medikuarengana bideratzea izaten da. Paziente gehiago ditugun kasuetan, laguntza ezinbestekoa izan beharko litzateke; alegia, gainezka egiten dugun horietarako, langile gehiago beharko genituzke. Administraziokoek laguntza beharko balute, langile gehiago kontratatu beharko lituzkete sail horretarako, eta egoera bera errepikatu beharko litzateke erizain zein medikuen kasuan. Gure agintariek badakite unean uneko arazo bat izaten dela, eta denbora jakin bat irauten duen arazo bat izaten dela. Beraz, konponbidea litzateke epe horretarako langile gehiago kontratatzea, gainkarga horri irtenbidea ematekotan. Osakidetzak badauka kontigentzia plana deritzona, eta horren arabera, gainkarga dagoenean laguntza jaso beharko genuke, eta ez da hala izaten. Bestalde, zenbait herritarrek ere ez dituzte zerbitzuak behar den moduan erabiltzen
Txertoa jartzeak zenbaterainoko garrantzia dauka?
Txertoa hartzea garrantzitsua da, eta hobe da zenbat eta azkarren txertatzea. Txertaketa kanpaina hasi eta hilabetegarrenean txertatzeak, esaterako, arazoak ekar ditzake, eta jendeak hala egiten du; lehenengo hilabetean oso gutxi baitira txertoa hartzen dutenak. Kanpaina hasieran edo amaieran txertatzea ezberdina da: hasieran eginez gero, hilabetez lanean ari da sistema, eta hala, immunitate sistemarako defentsa gehiago eduki daitezke. Ofizialki, Gobernuak ez du nahi izaten irailera arte txertatzen hastea, udako gorabeherak egoten baitira.