Eako udalak eta energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak urte beterako kontratua (sei hilabeteko luzapen posiblearekin) sinatu zuten atzo.
Prozedura zabalaren bidez esleitu dute energi-plegua. Edozein enpresak izan du haren proposamena aurkezteko aukera; hiru enpresa aurkeztu ziren (Aura Energia, Iberdrola eta Goiener). “Udalak beti egin du energia berriztagarrien aldeko apustua, eta horregatik baldintza nagusiena energia berriztagarriak izan behar zirela zen”, azaldu Iratxe Arriola Eako alkateak.
Arlo horretan orain arte zenbait pauso eman ditu udalak, eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dute. Esaterako, Eskolondon bero bonba bategaz fotovoltaiko batzuk jarri zituzten. Halaber, orain Natxituko bolatokia berrizten ari dira, eta lur azpiko berotasuna erabiliko dute geotermia bero bonba bategaz.
Apurka-apurka proiektu batzuk gauzatzen dabiltzala zehaztu du Arriolak. “Energia berriztagarrien aldeko konpromisoa eta energia nuklearraren kontrako jarrera argia dugu. Bedaronan energia nuklearra jartzeko egitasmo bat egon zen 70ko hamarkadan, eta sentsibilizazio berezia dugu gaiarekiko. Garoñako borroka ere ez dugu urrun, eta kontziente gara halako instalazioen inguruan bizi direnek jasan behar dutenaz”.
Haien konpromisoa gauzatzeko bidean, esaterako, kanpoko argiteri guztia, eta eraikin publiko guztietako argiteria lur azpian sartzen ari dira, faseka. “Aurretik kale oso batean egin zuten, eta orain Donibane Enparantzaren inguruko eraikinen kableak lur azpian sartzen ari gara. Nahiko garestia da dena egitea, eta zatika aldatzen gabiltza.
Kaleak garbitzeko makina
Bestalde, orain dela gutxi eskuratu dute herriguneko kaleak garbitzeko makina elektriko bat. “Sistema isila da, ez du zaratarik sortzen, eta ez du hautsa zabaltzen. Batik bat udako hilabeteetan herrian batzen den jendetzak eragindako zikinkeria garbitzeko orduan denpora asko aurreztuko digu”.
Langileentzat sistema errazagoa dela nabarmendu du udalerriko alkateak, eta herritarrentzat ere erosoagoa.