Bullying-ari eta
ziberbullying-ari aurre egiteko programa lantzeko aukera eskaintzen du Sukarrietako BBK Zentroak, Jagon programaren bitartez. Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta DBHko 2. mailara arteko ikasleekin aritzen dira. 2015eko azaroan jarri zuten martxan, eta ordutik ikasleak astero hartu dituztela azaldu du zentroko zuzendari Ainhoa Elortegi Gara-teak (Gernika-Lumo, 1981).
Ainhoa Elortegi
Zer da Jagon programa eta zein da programaren helburua?
Eskola jazarpenari aurre egiteko programa da, eta ikasleek eskola jazarpenaren larritasunaz kontzientzia hartzea eta enpatia sortzea dira helburu nagusiak. Eskola jazarpena aurreikusten eta horri aurre egiten irakasten da, dinamika ezberdinen bitartez.
Lau eguneko egonaldia egiten dute ikasleek. Zelan antolatzen zarete?
Astelehenak, adibidez, aurkezpenerako egunak izaten dira; nora eta zertara etorri diren azaltzen diegu. Eguaztenetan, berriz,
ziberbullying-a lantzen dute. Izan ere, gaur egun, gazteek onak diren baina arriskutsuak izan daitezkeen tresnak baitituzte esku artean. Hala, horietan aurki ditzaketen arriskuen berri ematen diegu.
Dinamika teorikoak zein praktikoak erabiltzen ditugu egonaldietan, eta benetako egoera ugariren aurrean jartzeko aukera izaten dute, modurik onena baita, ikasleek jazarpena benetan zer den jakiteko eta ikusteko.
Zein izaten da ikasleen jarrera?
Ikusminez etortzen dira zentrora, ez dakitelako zer den edo zer ez den. Dinamikak, baina, teoriatik harago doazenez, orokorrean, asko zabaltzen dira, eta guri horrek asko laguntzen digu. Ikasleak lasaitu egiten direnez, gauzak ateratzen hasten dira.
Harrituta gelditu gara ikasle askok onartua dutelako eskola jazarpena. Kasu horietan, egoera horiei buelta ematen lagundu behar diegu, eta buelta ez dio berak bakarrik eman behar, baizik eta inguruko guztiek.
Lau egunetan ematen al du hori guztia lantzeko denbora?
Hasieran ezetz uste bagenuen ere, bai, ematen du. Irakasleek lehenengo arratsalderako badakite taldea nondik nora doan. Liderrak zein isilik geratzen direnak erraz identifikatzen dituzte.
Sentimenduak landu behar direla ikasi dugu, bai eta enpatia sortzea behar-beharrezkoa dela ere. Gure lana ikasleen jarrerak aldatzea da, eta buru-belarri aritzen gara horretan.
Parte hartze handia egoten al da?
Taldeen araberakoa bada ere, gehienetan parte hartze handia egoten da. Gatazkaren bat dagoe- nean izaten da zailagoa, baina, azkenean, ariketa eta bideo ezberdinen bidez, barruan daukatena ateratzen diegu, eta sentimendu guztiak jartzen ditugu martxan. Ekintza ugaritan negar asko egiten dute.
Ikasleen bitartez, zuek ere ikasten ari zarete orduan.
Bai, asko. Formakuntza duten zazpi irakaslerekin lan egiten dute, baina formakuntza ez da nahikoa. Azken finean, eguneroko lanak ematen dizu esperientzia, eta 2015eko azarotik gaur egun arte, esperientzia asko eta ezberdinak bizi izan ditugu.
Sentimenduak landu behar direla ikasi dugu, bai eta enpatia sortzea behar-beharrezkoa dela ere. Gure lana ikasleen jarrerak aldatzea da, eta buru-belarri aritzen gara horretan. Erasoak izan direnen jarrera ez dago aldatu beharrik; hala ere, lekukoen eta erasotzaileen jarrerak aldatu behar dira.
Garrantzitsua da lekukoen jarrera aldatzea; erasoari babesa emateko, batetik; eta, bestetik, erasotzailea ohartarazteko. Erasotzailearen jarrera aldatzen ere lagundu dezakete, erasotzaileek ere laguntza behar dutelako.
Ikastetxeetako ordezkariek ere parte hartzen dute?
Bai, iristen diren momentuan batzarra egiten dugu haiekin. Baina ez diegu daturik eskatzen, ez dugulako inor etiketatu nahi. Libre dute programan parte hartzea, eta, gehienetan, ikusle modura egoten dira. Ez da egokia izaten egun guztia egotea, ikasleentzako oztopo izan daitezkeelako. Amaieran, eguenean, beste bilera bat egiten dugu zer ikusi dugun azaltzeko. Batzuetan, ezustekoak egoten dira, baina ez da ohikoa izaten.
Orain dela gutxi arte, isilean lan egin da; guk isiltasuna apurtzea erabaki genuen, sentimenduak lantzeko.
Zein izaten da ikastetxeen balorazioa?
Oraingoz, oso positiboa izan da. Lau egunetan badakigu ezin daitekeela dena aldatu, baina asko laguntzen du. Lau egunak pasatu ondoren, hala ere, ateak zabalik uzten ditugu laguntza behar duen edozeinentzat.
Zer dela-eta hasi zineten programa honekin?
Ikastetxe bakoitzak jazarpenaren aurrean bere protokoloa duen arren, protokolo hori ez da martxan jartzen kasu bat gertatu arte. Programa honen bitartez jazarpena aurreikusten lagundu gura dugu, halakorik gerta ez dadin. Hortaz, protokoloak oso garrantzitsuak badira ere, arazoei aurre egiteko prebentzio programak premiazkoak dira. Gainera, uste genuen garrantzitsua zela bide anonimoak edukitzea eskola jazarpena salatzeko. Orain dela gutxi arte, isilean lan egin da; guk isiltasuna apurtzea erabaki genuen, sentimenduak lantzeko.
Berritasunak ere aurreikusi dituzue…
Bai, hala da. Errealitate birtualarekin lanean hasiko gara, eskola jazarpena jasaten duen batek zer sentitzen duen jakiteko eta enpatia sortzeko. BECen umeen Gabonetako parkean egon den pasabidea ere Sukarrietara ekarriko dugu. Aktoreen bitartez, bullying-aren kasu ezberdinak simulatzen ditu. Hemen, baina, rol ezberdinak tartekatuta, antzerkiak egingo dituzte.
Era berean, astelehenean hasi zen martxan Bizkaiko herrietatik ibiliko den unitate ibiltaria. Jende ezberdinarengana heltzea du helburu, eta ez ikasleengana soilik.