Kezkaz beteriko artista, jakin-min handikoa eta menderakaitza. Euskaraz bizi zena. Hurbileko artista: etxekoa. Lanak erakusteagaz batera, bisitariekin mintzatzen zena. Halakoxea zen Ionan Berasaluze artista, Ricardo Abaunza Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariaren ustez.
Ustekabeen jabea zen Berasaluze, baina horietan handiena du gogoan Abaunzak; abenduaren 15ekoa, hain zuzen. Zur eta lur utzi zuen Berasaluzek egun horretan Gernika-Lumo. Agurtzeko astirik izan barik egin zuen alde herritarren artetik, eta «hunkituta eta mutu» utzi zuen herria, haren heriotzak.
Hainbat dira Errenteria auzoko artistaren lanak miresten dutenak; asko dira haren maitasunaz eta adiskidetasunaz gozatu izan dutenak; asko eta asko dira bere sormena goraipatzen dutenak. Eta are gehiago dira, zendu arren, omendu gura dutenak.
Berasaluzek egindako kartel, kamiseta eta bestelakoak ere jarri dituzte erakusgai.
Oinak, Faces, Ahaztuak, Aurpegi izkutuak, Begirada, Fauna… Hamaika erakusketa jarri izan ditu ikusgai gernikarrak; norbanakoak zein kolektiboak. Eta beste horrenbeste izan dira bere lanez jantzi dituen txokoak: Gernika-Lumoko Kultur Etxetik eta Elai-Alai aretotik hasi, eta Bilboko Sarea lokala edota Bizitza taberna, Donostiako hainbat taberna, Iruñeko eta Kataluniako hainbat gune…
Beste behin ere, kultur etxeko erakusketa aretoak Berasaluzeren lanak hartu ditu bere hormen artean, baina, oraingoan, artistaren adiskidetasunaren eta bere obren gorazarrez egin da. Guztira, 60 bat lan bildu dituzte, eta urtarrilaren 30era arte egongo da bilduma ikusgai.
Halaber, udaran egiten duten Gernikarte erakusketan ere ekarriko dute gogora Berasaluze, bere oroimenez egingo baitute aurtengoa.
Egun batzuk iraungo dituzten erakusketak dira horiek, baina bada, bizitza osoa iraun dezakeen oroitzeko beste modu bat ere: bere lan batzuk katalogo batean batzea, esaterako. Datorren asterako prest izatea aurreikusten du kultur etxeak 32 bat orrialdeko katalogo hori, eta nahi duenak eskuragarri izango du kultur etxean bertan. Dena den, ale gutxi batzuk kaleratuko dituztela aurreratu du Abaunzak.
Guztira, 60 bat lan bildu dituzte erakusketan
Pop estiloko obrak egiten zituen gernikarrak, Abaunzaren arabera: popularrak eta surrealistak. «Esanahi bikoitzaz jokatu izan du beti», gogoratzen du kultur etxekoak: «Obraren esanahi estetikoa» biltzen zuten, batetik, Berasaluzeren obrek, eta «kontzeptuala», berriz, bestetik. Alegia, «ongi burututakoak» ziren artistaren lanak, Abaunzaren ustez; «dohaina eta bikaintasuna duen batek egindakoak». Bestalde, ironia eta haserrea erabiltzen zituen artistak, «kritika soziala bilatu asmoz».
Baina bere ohiko margolan eta obretatik haratago, liburuak ilustratzen, jaietarako kartelak egiten, pintura tailerretan klaseak ematen, umeen sormena lantzen, horma-irudiak egiten… ere jardun ditu egun, hilabete eta urteak Errenteriako auzotarrak.
Arteskolan ere, momentu asko bizi izan ditu; horregatik, hango adiskideek ere haren falta daukate. Zendu zeneko eguna dute gogoan; eskuan pintzelik ere hartu ez zuteneko hura. Diotenez, egunak zeramatzan eskolatik agertu gabe, baina laster elkar ikusiko zurtenaren esperantza zeukaten. Neska-mutilak artearen lehen urratsetan gidatzen eta laguntzen jarraituko zuela uste zuten; haiei irakasten, haiekin batera paperak kolorez zirriborratzen; komikiaren sekretuetan barneratzen laguntzen… Ez dute alabaina gehiagotan Berasaluzeren konpainiaz gozatuko. Baina bere laguntza eta adiskidetasuna gogoratuko dute, eta, ikusi ez arren, eskertu ere egingo dute, berbaz bada ere.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.