Aurreko astean amaitu zituzten lehen faseko lanak. Fabrikako eraikin altuena zena bota dute, eta errekan zeuden materialak ere kendu dituzte.
Hain zuzen ere, jausteko arrisku handiena zuen eraikina da lehen fase honetan eraitsi dutena. Izan ere, zutabeetako bat apurtuta zeukan, eta edozein momentutan behera etortzeko arriskua zegoen. Bestalde, errekara erorita zeuden materialak ere erretiratu dituzte. Besteak beste, fibrozementu eta uralita kendu dituzte.
Lurzoru kutsatua da, eta pertsonenganako zein ingurumenarekiko arriskuagaz batera, segurtasun arriskua ere egon da.
Lurjabeak udalaren eskariz burutu ditu lanak. Horrela, Banco Popular lursailaren jabeak eremu guztia garbi utzi beharko du, eta hori epeka burutuko du.
Izan ere, herrigunetik hurbil dagoen inguru horretara ume eta gaztetxo asko joaten dira, eta zenbait gurasok kezka agertu zuten. Udal arkitektuak eremua aztertu, eta zegoen arriskua ikusita, espediente bat zabaldu zuen, hondamendi arrisku handia zegoela adieraziz. “Hondamendi egoeraren aurrean ez zen egon alegazioarik. Arkitektuak presako eraiste agindu bat igorri zion jabeari. Hark dena bota edo berreraikitzeko aukera zuen, eta botatzea erabaki zuten. Era berean, dena batera edo epeka bota zitekeen, eta epeka egitea erabaki dute”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Eraikin altuena bota dute lehen fasean.
Argazkia: Eako udala.
Bigarren gauzatze agindua ere bidali zaio lur jabeari, baina, oraindik ez dute proiektua aurkeztu, eta beraz, momentuz ez dago datarik aurreikusita. “Inguru hori urte luzez utzita egon da, eta lurjabearen betebeharra eta erantzukizuna da eraikin edota ondasunak egoera onean mantentzea”.
Eako alkateak azaldu duenez, garai batean eremu guzti hori publikoa izan zen, eta orain dela legegintzaldi asko saldu, eta etxebizitzak eraikitzeko moduan izendatu zuten. Orduan, etxe agentzia batek erosi zuen, baina, hark porrot egitean Banco Popularren eskuetan geratu zen.
Aparkalekua eta biltegiak
Udalaren asmoa lur saila eskuratzea da, eta dagoeneko zehaztuta dute zer erabilpen eman inguruari. Zehatz esateko, behin betiko onartu, eta iazko maiatzean argitaratu zuten HAPOan (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) aurreikusita dago 213 ibilgailurentzat aparkalekua egitea, eta baita udal biltegi bat eta herriko gremio eta taldeentzat tailerrak eta biltegiak eraikitzea. Halaber, errekatik hurbilen dagoen zatian berdegune bat egin gura dute.
“HAPOan arlo desberdinetan zortzi urtera begira ditugun egitasmoak azaltzen dira. Badakigu legegintzaldi honetan obra egitea, proiektua gauzatzea ezinezkoa dela, baina, gure asmoa proiektua bideratuta uztea da. Espero dugu urte honetan jabeak inguru guztia garbi uztea, eta udalak lursaila eskuratzea. Horretarako ikusi beharko da Banco Popularrak zein borondate duen”, zehaztu du Arriolak.
Oraindik bota barik dagoen eraikina