Hogeigarren Korrikaren ibilbidea prest dute. Martxoaren 30ean abiaraziko da euskararen aldeko Korrika, Otxandiotik. Busturialdera apirilaren 5ean helduko da. AEK-k bi urterik behin antolatzen du Korrika, eta aurten egun argiz helduko da eskualdera. Eatik sartuko dira euskararen aldeko korrikalariak, 14:54ean. Elantxobetarrak 15:59ean batuko dira Korrikara, eta handik Gernika-Lumorako bidea hartuko dute. Hain zuzen, 17:30ean helduko da Korrika Gernika-Lumora. Bermeorantza joango dira gero, eta 19:39ean helduko da Korrika kostako herrira.
11 egunen buruan, Iruñean amaituko da 20. Korrika, Iruñean.
Batzuk leloa izango du aurtengo Korrikak. B
at eta
zuk hitzak elkartuta, euskara batzeko deia egin dute antolatzaileek. Hizkuntzen arteko berdintasuna ere aldarrikatuko dute; azaldu dutenez, hizkuntza gutxitu baten iraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa justizia kontua delako.
Korrika prestatzen. Apirilera bitartean hainbat ekimen eta jarduera egingo dituzte Busturialdean ere. Gernika-Lumon, esaterako, oheko tapakia egiten hasiak dira. Orain bi urte legez, eskuz josiko dute, ‘patchwork’ teknika erabiliz. Hain zuzen, 200×150 neurriko tapakia egin gura dute; 120 lauki egin gura dituzte, eta lauki bakoitzak 13 oihal zati ditu. Hori dela eta, parte hartzeko deia egin du AEK-k. Eguenero batzen dira, 19:00etan, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Tapakia amaituta, zozketa egingo dute; horretarako, errifak salduko dituzte, euro batean.
Korrika kulturalak ere hainbat ekitaldi ekarriko ditu Busturialdera, eta horiek prestatzen buru-belarri ari da lanean AEK. Korrikan parte hartzeko modu asko daudela azaldu dute, eta Korrika lagunak egitera animatu gura dituzte herritarak. 12 euroren truke, Korrikaren pin-a eta hainbat saltoki eta zerbitzutan deskontuak lortzeko txartela hartuko dituzte herritarrek.
Bestalde, Korrikako materiala salgai dute AEK-ko bulegoetan, Gernika-Lumon eta Bermeon.
XIX. Korrikaren argazki galeria ikusgai
hemen.