Bermeoko Udaleko ingurumen teknikari Gaizka Aurrekoetxeak jakinarazi duenez, maiatzetik abendura bitartean
Asiako liztorren 57 habia kendu dituzte Bermeon.
Langile bat Asiako liztorren habia bat kentzen. Argazkia: Bermeoko Udala
Habi horietatik
16 herri barruko teilatu azpietan zeuden; gehienbat, Zubiaur tar Kepa kalean eta haren inguruetan.
Gainontzekoak landa auzoetan zeudela esan du Aurrekoetxeak; baserri teilapeetan eta zuhaitzetan.
Aurrekoetxeak azaldu duenez, “liztor horiek gustuko dute gizakiengandik hurbil habia egitea, behar duten guztia dutelako: babesa (teilapeak edo arbolak), janaria (fruta, erleak) eta ura”. Liztorrak kontrolpean edukitzeko “garrantzitsua” da herritarrek habia bat ikusten dutenean, edo habiren bat dagoelaren susmoa dutenean
Udaltzaingora (092) edo
Berhaz bulegora (010) deitzea,
leku zehatzaren kokapena emateko. Abisua jaso ostean, udalak teknikariren bat bidaltzen du habia dagoen lekura.
Ondoren, programa informatiko baten bidez, abisua ematen dute, eta, gehienetan, Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan enpresakoak bertaratzen dira habiak kentzera. “Zenbait kasutan, bizilagunentzako arriskua dagoenean edo habia leku arriskutsu batean dagoenean, suhiltzaileak arduratzen dira horiek kentzeaz”, esan du Aurrekoetxeak.
Liztorrak hiltzeko, intsektizida berezi bat erabiltzen dutela azaldu du Bermeoko ingurumen teknikariak; habia kentzeko, berriz, bi teknika erabiltzen dituztela azaldu du: “Habia txikia denean eta eskura dagoenean, eskailera batekin igo, habia intsektizidarekin zipriztindu eta kendu egiten dute. Hori posible ez denean, pertika batekin produktua habia barrura sartu eta lekuan bertan uzten dute. Produktu hori ukitzen duten liztor guztiak hil egiten dira”.