'San Migel auzia' behin betiko artxibatu du epaileak
Bermeoko San Migel auzoko etxebizitzen harira, Anton Erkorekak Juan Karlos Goienetxea eta Tomas Tardioren aurka jarritako saleketa behin betiko artxibatu du Gernika-Lumoko epaitegiak. Hala, erabakia irmoa izanik, ez da izango helegiterik aurkezteko aukerarik. Epaileak hartutako erabakiagaz “pozik” agertu dira bai Juan Karlos Goienetxea eta baita EH Bildu ere.
San Migel auzoko lurzoru batzuen birkalifikazioan du oinarri prozesuak. 2013. urtean jarri zuen Erkorekak Goienetxea eta Tardioren aurkako salaketa, influentzia trafikoa eta prebarikazioa egitea leporatuta. Iazko abenduan, berriz, artxibatu egin zuen epaileak San Migel kasua behin-behinean. Orduan, baina, helegitea jarri zuen Erkorekak.
Kasua artxibatu ostean, “pozik eta lasai” da orain Goienetxea. “Nik badakit salaketak biltzen dituen erabakietan ez nuela parterik hartu, eta ez dut inoiz horrelakorik egiteko asmorik eduki”, argitu du bermeotarrak.
Salaketagaz bere ohorea “zikindu” dutela uste du, eta, hori dela eta, bera salatu duena salatu dezakeen kontsultatuko duela jakinarazi du.
EH Bilduren babesa
EH Bilduk, bestalde, babesa adierazi dio Goienetxeari, beste behin ere. Era berean, gogora ekarri du, Goienetxeak epaitegitiko aipua jaso zuenean udalean zinegotzi izateari utzi ziola. Hala, EH Bilduko kideak erakutsitako “koherentzia, zintzotasuna eta gardentasuna” nabarmendu du koalizioak. Horregaz batera, gainontzeko alderdiei dei egin die antzeko kasuak gertatzen direnean, beraiek ere horrelako jarrera “garbi eta zintzoa” izan dezaten.
Bestalde, salaketa horren asmoa “proiektu soberanista eta ezkertiarra kaltetzea” izan dela argi dauka EH Bilduk, eta, horretarako, koalizioaren marka “zikindu” dutela azpimarratu du.
“Ez dugu ahaztu behar kasu horren sorrera Xabier Legarreta EAJko alkatea zenean hartutako erabakietan dagoela, eta horrek salaketaren atzean interes politikoak egon direla argi uzten du. Horrez gain, Juan Karlos Goienetxeak dimisioa aurkeztearen erabakia ere indartzen du”.