Azken urteetan Lauhortz taldea arduratu da Olentzeroren etorreraren ekitaldia antolatzeaz; hala ere, aurten, Gernika-Lumoko Udalak antolaketa hori beregain hartzea erabaki du. “Oso erabaki larria” dela deritzo presoen eskubideen aldeko kultur taldeak, eta horren atzean “ezkutuko arrazoiak” daudela kritikatu du. Halaber, erabaki hori hilabete lehenago ematea ez dela bidezkoa aipatu du.
Olentzero antolatzeko aukerarik ez duela salatzeko egindako prentsaurrekoa, atzo.
Hasiera baten, Gabon gaueko ekimen hori antolatzen zutenek gurdi bat ateratzen zuten presoen irudikapenekin, Olentzerogaz batera. Urteen poderioz, baina, gurdia alde batera utzi, eta Euskal Preso eta Iheslariak etxera dioen banderatxoa ateratzeko erabakia hartu zuten orduko antolatzaileek, sortutako eztabaidetan “denok egoerara moldatzen jakin behar” zutela sinetsita, eta “akordioetarako prestutasuna agerian utziz”. Gaur egun arte, banderatxo hori mantendu egin dute;?izan ere, azken urteetan antolatzaile den Lauhortz taldeak uste du “elkartasun aldarriak kalean egon behar duela”.
Hala, Germika-Lumoko Udalak preso eta iheslarien aldeko aldarri hori ezabatu nahi izana kritikatu du Lauhortz taldeak. “Jakin badakigu kalejira honetan umeak direla protagonista, baina beharrezkoa eta aberasgarria iruditzen zaigu umeak ere elkartasun oinarrietan heztea;?are gehiago, herri honetan, hamarnaka umek dispertsioa zuzenean pairatzen dutela jakinda”, azaldu dute. Egoera horretan, kultur taldeko kideek uste dute “oso garrantzitsua dela mezua gizarteratzea, eta tabuak ez sortzea”.
Beste alde batetik, udalak akordioetara ailegatzeko erakutsitako “borondate falta” ere salatu nahi izan du Gernika-Lumoko kultur taldeak.
“Udala eragileen ganetik”
“Ez da lehenengo aldia Gernika-Lumoko Udala eragileen gainetik pasatzen dena, baina benetan espero dugu azkena izatea. Herria denon artean eraiki behar dela argi daukagu, eta hori horrela izateko, ezinbestekoa da elkarteekin eta herritarrekin elkarlana eta komunikazioa egotea, eta ez erabakiak bulego itxietan hartzea”, esan dute.
Aurten 40 urte beteko lirateke presoen aldeko taldeek Olentzero eta Mari Domingiren etorrera lehenengoz antolatu zutenetik. Legez kanpokoa zenean ere, arriskuak hartu, eta guztia posible egin zutenak zoriondu eta eskertu nahi izan dituzte; “horiei esker ospatu daitekeelako Olentzeroren etorrera Gernikan”.