Zabuan salto, Miribillaraino
Etxahun Lekue larrabetzuarragaz batera, Onintza Enbeita muxikarra da finaleko beteranoa. Haren berbetan, seigarrenez finalean egotea “gauza handia” da. Urduritasunak albo batera uzten saiatu dela dio, baina badaki finaleko goiza oso luzea egingo zaiola. Galletebeitiarentzat eta Ajuriagojeaskoarentzat, berriz, bigarren finala da biharkoa. Lekeitiarrak azaldu duenez, duela urte bi finalera iristeagaz haren txapelketa eginda zegoela eta maila ematearen beldurra sentitu zituen, baina “presio handiegirik gabe”. Baina, aurten, dioenez, egoera ez da bera: “Presio pixka bat sentitzen dut alde horretatik, baina gogotsu nago presio hori nola kudeatuko dudan jakiteko eta saio on bat egiteko”. Basauriko saiorako presio “handiagoa” sumatzen zuela esan du, eta, alde horretatik, orain “zama astun bat” kendu izanaren sentsazioa dauka: “Horrek ez du esan nahi presiorik sentitzen ez dudanik, noski; are gehiago, saiatzen ari naiz neure buruari ere exijentzi edo presio puntu bat ezartzen”. Haren ustez, edozein bertso saioren aurretik urduri ez dagoenak kezkatu egin beharko luke. Emakume txapelduna 2014koa bezala, final parekidea da aurtengoa ere, lau emakume eta lau gizonezko sailkatu direlako. Emakumeak finalean oholtza gainean bertsotan ikustea ez da albistea, baina emakume batek Bizkaiko txapela janztea nobedadea litzateke. Ajuriagojeaskoaren berbetan, “posible” da, eta edozer pasatu litekeela uste du. Aurtengo txapelketan aurrekoan baino hamar emakume gutxiagok eman du izena, eta hori, Ibarzabalen ustez, ez da notizi ona. Haren berbetan, final parekidea izateak ezin du “desitxuratu egoera erreala”, prozesu osoa. “Gustatuko litzaidake aurten emakume batek txapela janztea, noski, eta oso posiblea da”, zehaztu du markina-xemeindarrak. Lekeitiarrarentzat “pozgarria” da Bizkaian azken urteetan emakumeek finalean daukaten presentzia eta garrantzia zein den ikustea. “Denbora kontua da emakume txapeldun bat izatea gurean. Ez etorkizunean gertatuko delako, dagoeneko oraina direlako baizik. Aurten izango den? Hala bada, ez dut uste inor harrituko denik. Batek daki, baina gerta daiteke, dudarik gabe”. Enbeitak azpimarratu duenez, nesketako batek irabaztea «historikoa» izango da, eta momentu horren parte izatea “kristona” izango dela argi dauka. Hala eta guztiz ere, lauretako bat aukeratzekotan bera izatea gustatuko litzaioke: “Gurago neuke emakume batek txapela janztea, eta bat aukeratzekotan neure burua aukeratuko dut, nor bestela?”. ELKARRIZKETAK: Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Busturialdeko eta Lea-Artibaiko lau finalistakBizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, 17:00etan hasiko da Miribillako Bilbao Arenan. Hala ere, 14:00etan zabalduko dituzte txarteldegiak. Gaur oraindik bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.