Ibon Ajuriagojeaskoak, Onintza Enbeitak, Xabat Galletebeitiak eta Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute bihar. Gozatzea eta gozaraztea da haien helburua.
Ibon Ajuriagojeaskoa: “Txip aldaketa behar nuen parte hartzeko; oso pozik nago egindakoagaz”
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bigarren finala da zuretzat, eta beste bitan sailkapenean bederatzigarren geratu zinen. Biharko zein helburu duzu?
Orain arteko sentsazioekin jarraitzea, eta ahal bada egin dudana hobetzea.
Eguna hurreratu ahala, urduritasuna edota presioa handituz doazela sentitu al duzu?
Aurten ez naiz hain urduri egon. Ahal den neurrian gozatzea zen nire helburua, lehenago ere nahikoa sufritu dut eta. Beste urteetan baino zentratuago nabil bertsotan.
Beraz, urduritasunak albo batera uztea lortuta, kanporaketan eta finalaurreko saioetan zelan ikusi duzu zure burua?
Oso ondo. Txip aldaketa bat behar nuen txapelketan parte hartzeko. Leioako saioan gustura egin nuen bertsotan, eta gura nuen jarrera eta sentsazioekin kantatzea lortu nuen Larrabetzuko finalaurrekoan ere. Saio politak izan ziren, eta oso pozik nago egindakoagaz.
Nork jantziko du txapela?
Aukera asko ikusten ditut finalean, eta ez dut faborito argirik ikusten.
Motzean:
Amuriza. Fina.
Lekue. Dotorea.
Ugartetxea. Txispa.
Uria. Segurtasuna.
Enbeita. Desparpajoa.
Galletebeitia. Kontsolidazioa.
Ibarzabal. Freskura.
Onintza Enbeita: “Urduri jartzen gaituena geure buruari geuk sartzen diogun presioa da”
Finalerako zein helburu duzu?
Norbere buruaren aurrean baieztatzen da bat final bakoitzean. Oraingoan podiuma egin gura nuke. Nire esku dagoen bakarra bertsotan ondo egitea da. Norberak ondo egin arren, besteek hobeto egiten badute, podium barik etorriko gara etxera; baina oso pozik.
2006. urtetik final guztietan egon zara. Horrek presio gehiago sortzen al du?
Urduri jartzen gaituena geure buruari sartzen diogun presioa da. Finalaurrekoetara zoaz pentsatuz ea zer pasatuko den finalera joan ezean. Badakigu ez dela mundua amaituko, baina presio hori daramagu. Finalean presioa ez da hainbestekoa, baina urduritasuna hor dago.
Finalaurrekoan zelan sentitu zinen?
Ez da erraza norbere burua neurtzea saio bakarrean. Hala ere, esan dezakedana da eroso egin nuela bertsotan Basaurin. Ez dakit hori ona edo txarra den, baina ni oso eroso nengoen ofiziotan, gaiei ertza bilatzen, erantzuten…
Nork jantziko du txapela?
Orain arte jantzi duenak: bertsotan ondoen egiten duenak.
Motzean:
Amuriza. Berrasmatuta dator.
Lekue. Zorrotza, baina goxoa.
Ugartetxea. Kolpe onekoa.
Uria. Zehatza eta erregularra.
Ajuriagojeaskoa. Tenplea pikanteagaz.
Galletebeitia. Bertso bikote bikaina.
Ibarzabal. Harritu egingo gaitu.
Xabat Galletebeitia: “Saio on baten parte izan nahi dut; neure arrastoa utzi oholtzan”
Finalerako zein helburu duzu?
Aurten finalean egon, eta pauso bat gehiago ematea exijitu diot neure buruari. Uste dut jendeak ere eskatzen didala hori. Finala lehiatu nahi dut hitzaren zentzu positibo eta zabalenean. Oinak lurrean ditut, eta badakit zer egin dezakedan eta zer ez. Finalean presente egotea baino harago, saio on baten parte izan nahi dut; nire arrastoa, marka propioa utzi oholtza gainean.
Saioetan zelan sentitu zara?
Txapelketa arraroa izan da niretzat. Ohituta nengoen behe-behetik hasi, eta pausoz pauso joaten. Finalerdietan sartzeak prestaketan, txapelketa bizitzeko moduan, presioan… eragina izan du. Finalerdian banekien gauzak ondo egiten ari nintzela, baina saio bakarrean dena jokatzeak nolabaiteko beldurra eragin zidan. Hala ere, egoera ondo kudeatzen jakin, eta saioagaz nahikoa gustura geratu nintzen.
Nork jantziko du txapela?
Uste dut denok dauzkagula antzeko izenak buruan. Bizpahiru ikusten ditut nahikoa argi hor aurrean egoteko, baina finala da, eta ezustekoak egon egongo dira.
Motzean:
Amuriza. Argia, maiuskulaz.
Lekue. Gozamen hutsa.
Ugartetxea. Bertsonajea.
Uria. Zehaztasun matematikoa.
Ajuriagojeaskoa. Benetako artista bat.
Enbeita. Originala eta kopiaezina.
Ibarzabal. Aurtengo sorpresarik onena.
Nerea Ibarzabal: “Uste dut final oso berezia izango dela, freskoa eta gaztea”
Finalerako zein helburu duzu?
Barrutik kantatzea gustatuko litzaidake, naizenaren zatitxo bat oparitzea. Gozatzera joan nahi dut, eta saio on bat egitera. Postu on xamar bat lortuz gero, hobeto! Baina ez dut nahi puntuek eta epaileen presentziak nire ideiak mugatzea; libreago kantatu nahi dut. Uste dut final oso berezia izango dela, freskoa eta gaztea.
Aurreko saioekin pozik zaude?
Hiru saioetan sentitu dut urduritasuna eta presioa. Finalerdia opari bat izan zen. Lasai kantatzeko asmoa nuen arren, herrian kantatzea egokitu zitzaidan, eta horrek berriz jarri zizkidan nerbioak dantzan. Bertsoei dagokienez, uste dut aurreko urteetan ez neukan lasaitasun bat eta egoten jakite bat ditudala orain. Ez nuen espektatiba handirik, baina neure buruari erakutsi diot badakidala bertsotan, eta, agian, beste urte batzuetan baino esateko gauza gehiago ditudala.
Nork jantziko du txapela?
Aurten ez dut hain argi ikusten. Etxahunen eta Mirenen artean egon daiteke, baina ez nintzateke harrituko besteren batek lortuta ere. Pertsonalki asko poztuko ninduke Mirenek irabazteak.
Motzean:
Amuriza. Emozioentzako orgasmoa.
Lekue. Apustu segurua.
Ugartetxea. Azeri bizkorra.
Uria. Argudiatzaile fina.
Ajuriagojeaskoa. Elegantzia neurtua.
Enbeita. Gure idoloa.
Galletebeitia. Brillantea, laguna.
Albiste honekin lotuta:
Zabuan salto, Miribillaraino