Txitxarroaren kuota %23 txikitzea adostu du Europar Batasunak
Bruselak %45eko jaitsiera proposatu arren, %23 txikitzea adostu dute. Hegoaldeko legatz kuota %1,4 txikituko da. Zapoaren eta antxoaren kuotak bere horretan mantenduko diraMurrizketak Europako Batzordeak proposatutako baino apalagoak izan badira ere, d...
Bruselak %45eko jaitsiera proposatu arren, %23 txikitzea adostu dute. Hegoaldeko legatz kuota %1,4 txikituko da. Zapoaren eta antxoaren kuotak bere horretan mantenduko dira
Murrizketak Europako Batzordeak proposatutako baino apalagoak izan badira ere, datorren urterako Kantauri itsasoko uretan txitxarroaren kuota %23 txikitzea adostu du Bruselak, 11.890 tonaraino. Hainbat orduz eztabaidatzen egon eta gero, atzo goizeko ordu txikietan ailegatu ziren akordio batera Europar Batasuneko arrantza ministroak.Kuotaren gutxitzea nabarmena baldin bada ere, hasiera batean proposatutakoa baino txikiagoa izan da. Izan ere, Bruselak %45 jaitsiera proposatu bazuen ere, ideia hori alde batera utzi, eta, azkenean, %23 txikiagoa izango da.
Ministroek lortutako akordioaren arabera, berriz, hegoaldeko legatzaren kuota %1,4 txikitzea adostu da, 6.731 tonaraino. Legatzaren kasuan, espero baino jaitsiera txikiagoa izan da. Azterketa zientifikoak oinarri hartuta, %36ko murrizketa proposatu zuen Europako Batzordeak, eta, azkenean, %1,4 gutxitzea adostu dute.
Negoziazio horietan eztabaida gehien piztu duten espezieak legatza eta txitxarroa izan baziren ere, beste kuota batzuen inguruan ere hitzarmenak adostu ziren. Oilarraren arrantzari dagokionez, hitzartutako akordioak ez ditu Batzordearen proposamenak asko aldatu. Hala, iberiar uretan oilar kuota %15 txikiagoa izango da, Bruselak gomendatutako %25,7 murrizketaren azpitik. Sole Handian, ostera, oilar kuotaren jaitsiera %25ekoa izango da, lehen proposamena %28koa izanda.
Bestalde, Hego stockean, zapoaren kuota %54 handitzea proposatu zuen Bruselak, azterketa zientifikoiei begira, eta horixe onartu dute ministroek. Arrazoi beragatik, antxoaren kuota bere horretan mantentzea erabaki dute. Hala, 2016 urteko mailan uztea erabaki dute, 29.700 tonatan, hain zuzen.
Espero baino apalagoa
Iñaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako presidentea, bere aldetik, pozik agertu da Bruselan adostu diren kuotekin. Arrantzatu ditzaketen kopuruen edozein murrizketek «min» egiten diela esan badu ere, proposatutakoak baino murrizketa txikiago horiekin arrantzan jarraitu, «eta urtea salbatu» ahalko dutela nabarmendu du.
Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko idazkari nagusia ere pozik agertu da negoziazioaren emaitza ez delako «espero bezain txarra izan».
Legatz eta txitxarro kuotetan murrizketa espero baino apalagoak izatea «albiste ona» bada ere, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, «positiboa» da antxoa kuota gehieneko historikoan egotea, berdelaren kuotak %15 gora egitea eta hegaluzearen kuotak egonkor jarraitzea.
Jaurlaritzak, era berean, Espainiako Arrantza Ministerioari eskatu dio orain ez diezaiola inolako kuota lagapenik egin beste estatu batzuei, bere aldetik eta arrantza sektorea kontutan izan gabe, otsailean Frantziari hegaluzearen 1.200 tona laga zizkionean egin zuen bezala.
Debekua, arrastean
Horrez gainera, Europako Parlamentuak 800 metrotik beherako sakoneran arrantzatzea debekatu du. Bide beretik, 400 eta 800 metro arteko arrantzan ere arauak eta kontrolak gogortu dituzte, «ur sakonetako habitata babesteko helburuagaz». Baina nahiz eta europarlamentuak debekua onartu, orain Europako Kontseiluak eman behar du azken oniritzia.
Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariaren esanetan, arau garrantzitsua da arrasteko euskal arrantzontzientzat. «Ekosistema ahul bat babesteko beharrizanaren eta Europan arrasteko arrantza arrazoizko moduan egiteko aukeraren arteko oreka lortu da». Bilbaok gogora ekarri du gaia arautzeko bigarren ahalegina dela, eta txosten zientifiko «guztiek» ziurtatu dutela 2002ra arte izandako araugabetzeak gehiegizko arrantza eragin zuela. Haren ustez, orduan onartutako arauak ez zuen hori konpondu.
Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dute arau berri horrek ez duela zuzeneko eraginik arrasteko Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasontzientzat, normalean ez dutelako hain ur sakonetan arrantzatzen. Hala ere, arrantzaleek legeari mesfidantzaz begiratzen diote: «Gure arrantzaleen beldurra da orain 800 metrotan jarri dutela debekuaren muga, baina bi urte barru jar dezaketela 600 metrotan, eta, gero, 400 metrotan. Beldur dira pixkana deabrutzen ari direlako arrastea bera, arrantza teknika bera».