Gernika Rugby Taldea 13-20 nagusitu da FC Barcelonaren kontra
Gernika RTk 13-20 hartu zuen mendean FC Barcelona, domekan. Basurdeek defentsa lanean eta erasoko jokaldietan erakutsitako zorroztasunari esker lortu zuten batik bat garaipen garrantzitsua.Partida hasi eta hiru minutura lortu zuen talde gernikarrak leh...
Partida hasi eta hiru minutura lortu zuen talde gernikarrak lehenengo entsegua, eta Pichlerrek transformatuta, 0-7ko markagailuagaz aurretik jarri ziren.
Hiruzpalau minutura aldea murrizteko aukera eduki zuen etxeko taldeak. Hala eta ere, Marx jokalariak kanpora bidali zuen gaztigu-ostikoa.
Basurdeek partida kontrolpean izan zuten hasierako jokaldietan, baina minutuek aurrera egin ahala, parekatuago jokatu zuten. Halaber, zenbait minututan inork ez zuen arrisku jokaldirik sortu.
Pichlerrek egin eta transformatu zuen Gernika-Lumoko taldearen bigarren entsegua, eta horri esker, 0-14ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Atsedenaldiaren ostean, etxeko taldea suspertu egin zen, eta ordura arteko gidoia erabat aldatu zuen.
Alde nabarmena
Hala eta guztiz ere, Bartzelonako jokalariek ez zuten zelaian zeukaten nagusitasuna aprobetxatu, eta basurdeek markagailuko aldea handitu zuten beste kolpe bategaz (0-17).
Bartzelonako taldea, dena dela, ez zegoen amore emateko prest, eta hurrengo minutuetan erasokor jokatu zuen. Etxeko jokalariek basurdeak estutzen asmatu zuten orduan, eta hori markagailuan islatzea lortu zuten: 10-17.
78. minutuko Pichlerren gaztigu-ostikoaren ostean, hamar puntuko aldea zegoen bi taldeen artean. 10-20 jarri ziren markagailuan.
Etxekoek burutu zuten partidako azkenengo jokaldia. Horiek kolpea transformatuta, defentsako puntu gehigarria eskuratu zuten.