Arantza Zulueta askatzeko eskatu dute Lekeition, hainbat ekintzagaz
Abokatuari indarra emateaz gain, «jasanezina den» egoera jendarteratu nahi izan dute. Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin duteArantza Zuluetaren urtebetetzea izan dela eta, preso dagoen herritarrari elkartasuna adieraz...
Abokatuari indarra emateaz gain, «jasanezina den» egoera jendarteratu nahi izan dute. Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute
Arantza Zuluetaren urtebetetzea izan dela eta, preso dagoen herritarrari elkartasuna adierazi eta isolamendutik ateratzea eskatzeko ekimenak egin dituzte Lekeition abokatuaren lagunek antolatuta. Zuluetari indarra emateaz gain, «jasanezina den» egoera jendarteratu nahi izan dute.Zapatu eguerdian zein arratsaldean, txandakako elkarretaratzea egin zuten Eskolapean. Hain zuzen ere, Isolamendurik ez! Arantza askatu! leloa zeraman pankartaren atzean ordu erdiro txandakatzen joan ziren herritarrak.
Era berean, Eskolapetik igaro ziren herritarrek Zuluetari espetxera bidaltzeko postalak idazteko aukera izan zuten. Horrez gain, iluntzeko poteoan soinean eraman zituzten kamisetak serigrafiatzen eta petoak espraiagaz apaintzen egon ziren.
Manifestazio deialdia
Abokatua jasaten ari diren egoera behin eta berriz salatu dute haren lagunek, eta jakitera eman dutenez, Zulueta bakartze egoeran dago espetxean daramatzan ia hiru urteetan, oraindik ere epaitu barik. «Epaiketaren zain libre zegoen salaketengatik daukate preso. Estatuaren esku dagoen bahitu politiko bat da Arantza izatez».
Adierazi dutenez, 2014ko urtarrilaz geroztik, «muturreko isolamendu egoera arbitrarioan» daukate Zulueta. «Funtzionarioek ezik inor ikusi gabe, eta bere umiliazioa, ahultzea eta bere inguruarekiko harremanen galera bilatzen duten baldintzetan. Hogei ordu egoten da egunero ziegan, gainontzeko presoengandik isolatuta, guztiz txikia den patio batera ateratzen dutelarik». Nabarmendu dutenez, kanpokoekin duen harreman bakarra 40 minutuko asteroko bisita da. «Bisitak grabatu egiten dituzte, eta kontrolatu egiten dituzte bere gutunak, mugatuak eta asteak beranduago hartzen dituenak».
Amaitzeko, urtarrilaren 7an Zuluetaren askatasuna eskatzeko Bilbon egingo den manifestaziora joateko dei egin dute.