Ibon Iparragirre presoak espetxean jaso duen azken erasoa salatu dute
Senideek jakitera eman dutenez, Alcala Mecoko funtzionarioek «hainbat aldiz kolpatu dute» larriki gaixorik dagon presoa. Gaineratu dutenez, «inongo arrazoirik gabe» jipoitu duteHerenegun goizean Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxeko funtzionario...
Senideek jakitera eman dutenez, Alcala Mecoko funtzionarioek «hainbat aldiz kolpatu dute» larriki gaixorik dagon presoa. Gaineratu dutenez, «inongo arrazoirik gabe» jipoitu dute
Herenegun goizean Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxeko funtzionarioek Ibon Iparragirre presoa jipoitu zuten, eta gertaera salatzeko elkarretaratzea egin zen atzo eguerdian, Ondarroako Itsasaurre plazan. Berandu baino lehen, Ibon Etxea! Eraso gehiagorik ez! lelopean egin zen protesta, Sortuk deituta.Ez da Iparragirrek Alcala Mecoko funtzionarioengandik «abusuak eta erasoak» jasotzen dituen estreinako aldia, eta «egoeragaz kezkaturik daudela, eta nahikoa dela» salatu nahi izan zuten dozenaka herritarrek atzo egindako mobilizazioagaz.
Urtza Alkorta Sorturen ordezkariak adierazi zuenez, erasoak, «zoritxarrez, egunerokotasunean ematen dira» espetxeetan. «Larritzen doan kontu bat da. Kartzela pertsona txikitzeko dago prestatuta, eta larriki gaixorik dauden presoen kasuan, areagotu egiten da egoera hori. Horren guztiaren aurrean gure salaketa egin nahi dugu, eta, beran- du baino lehen, Ibon eta larriki gaixorik dauden beste hamar preso politikoak etxean behar ditugu».
Gorputz osoa kolpatuta
Ibon Iparragirreren senideek jakitera eman dutenaren arabera, kartzelako funtzionarioek «hainbat aldiz kolpatu zuten presoa», eta zenbait unetan aurpegian ere eman zizkioten kolpeak. «Buruan ostikadak eman dizkiote, eta gorputz osoan ere kolpeak ditu. Hartu zituen kolpeen ondorioz, sudurretik odoletan ere egon zen. Orain momentuan ez dakigu bera zelan dagoen. Dakigunaren arabera, atzo [herenegun] erizaindegian zegoen», adierazi zuen Gotzon Iparragirrek.
Preso ondarrutarren anaiak nabarmendu zuenez, «inolako arrazoirik gabe» jipoitu zuten funtzionarioek Iparragirre. «Erizaindegira eraman behar zutela esan zioten, baina, egia esan, oraindik ere ez dakigu zergatik eraman behar zuten erizaindegira ere».
Espetxean jasan duen zazpigarren edo zortzigarren erasoa dela gogorarazi zuten, eta eraso horiek guztiak «dinamika arriskutsu» batean sartu direla azpimarratu zuten. «Eraso horiekin, azkenean, bera zigortzea eta lur jota uztea nahi dutela iruditzen zaigu».
Bestalde, Ibon Iparragirreren ama Madrilera joanda dago, maiatzean egindako erresonantzia magnetikoko emaitzak eskuratzeko, gaur jasoko ditu emaitzak. «Emaitza badugu paperean, Ibonek berak bidalita, baina informeagaz batera etortzen den DVD-a falta zaigu».
Beste epaiketa bat
Iparragirreren senideak informazioa batzen ari dira, hirugarren gradua berriro eskatu ahal izateko. «Egia esan, orain arte batuta dagoen informazioagaz, nahikoa izan beharko luke Ibon berriro etxeratzeko, baina, egia esan, kartzelaren aldetik eta Auzitegi Nazionalaren aldetik, Ibonen kasua bideratzeko ez dago inolako asmorik».
Orain hilabete ere, kartzelan beste preso komun batzuekin istilua izan zuen Iparragirrek, eta horren harira, epaiketa izango duela jakitera eman dute Iparragirreren senideek. Hain zuzen ere, urtarrilaren 13an, epaiketa izango du Alcala de Henares-ko (Madril, Espainia) epaitegian. «Ibonek mehatxupean duela argudiatuta, istilua izan zuen beste presoak salatu du Ibon. Ibonek istilua gertatu zen uneko bideo grabazioak eskatu ditu, istilu horretan ez zuela inolako jarrera oldarkorrik eduki frogatzeko, baina bere eskaera ez da bideratu».