Euskalgintza omentzen
1980. urtean Korrika sortu zutenetik, AEK-k euskalgintzan diharduten herritarrak omendu nahi izan ditu. Urte hauetan guztietan, omenduak asko izan dira. Eta lehenengo Korrikatik hasita, bitxikieriak ere beste horrenbeste izan dira.Aek-k Korrika sortu z...
1980. urtean Korrika sortu zutenetik, AEK-k euskalgintzan diharduten herritarrak omendu nahi izan ditu. Urte hauetan guztietan, omenduak asko izan dira. Eta lehenengo Korrikatik hasita, bitxikieriak ere beste horrenbeste izan dira.
Aek-k Korrika sortu zuenetik gaur egunera arte, euskararen alorrean lan egiten duten edota euskara irakasten zein ikasten diharduten pertsonak omendu dituzte Korrika ezberdinek. Xabier Peña Albizu izan zen lehenengo Korrikak omendu zuena. Eta ordutik hona, asko eta asko izan dira euskalgintzan egindako lanagatik aipamen preziatua jaso dutenak.Korrikak Euskal Herria zeharkatzen duen urte guzti hauetan, gainera, ez dira bitxikeriak falta, hastapenetan batik bat.
Lehenengo Korrikan, esaterako, Rikardo Arregik 1966ko otsailaren 17an idatzitako gutuna zen mezua. Eta hara non, lehenengo Korrika hori Bilbon amaitu zenean, lekukoaren barruan zegoen mezua desagertu egin zela konturatu ziren AEK-ko arduradunak. Berehala kopiaren bila hasi baziren ere, amaiera ekitaldiak aurrera egin zezan, Julen Kalzada orduko AEK-ko kideak hitza hartu eta ekimenak «aurreikuspenak gainditu» zituela esan zuen; bien bitartean beste arduradun batzuk mezuaren kopia bilatzen jarraitzen zuten.
Julen Kalzadaren hitzak
Kalzadak, bere diskurtsoan, Korrikaren jaialdi hartan egon ezin izan zirenak gogora ekarri zituen. Ondoko hitzak esan zituen: «Euskal Herriaren alde lan egiteagatik bizia galdu dutenak. Euskal Herriaren alde lan egiteagatik kartzeletan usteltzen daudenak. Komisaldegietan torturak jasaten dituztenak…». Diskurtsoa ondoko hitzekin amaitu zuen: «Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi euskalduna!, Gora langileria! Gora langileria euskalduna!». Azken hitz horiek eztabaida piztu zuten.
Korrika amaitu osteko prentsaurrekorako, AEK-koek lekukoaren barruko kopia aurkitu zuten, eta kazetari guztiei banatu zieten. Baina Arregiren mezua irakurri ez izanak AEK-k EAJgaz eta Euskaltzaindiagaz zituen harremanak oztopatu zituen; gerora, harreman horiek berrartu zituzten.