Objektu pilatzaile nekaezina da Marijose Rekalde (Iruñea, 1964). Erabilgarri ez denari edo baztertua dagoenari balorea eransten dio bere lanetan, «txikiari handitasuna» eskaintzen saiatzen dela dio. Hala, artista nafarrak bere zenbait lan jarri ditu ikusgai Busturiko San Bartolome auzoko Ekoetxea Urdaibain.
Bizitza eta artearen forma anitzak erakusketa urtarrilaren 29ra arte egongo da ikusgai, eta doan bisitatu daiteke. Gainera, artistak berak egindako bisita gidatuak ere egongo dira; zentroan bertan kontsulta beharko dira bisita egunak.
Lau hamarkadetan, material ezberdinekin egindako lana aurkezten du erakusketan Rekaldek. Bere lana «alaia, dibertigarria eta koloretsua» da, eta botatzekoa den edozein elementu berrerabiltzeko duen gaitasuna argi uzten du. Hainbat dira bere artelanetan ikus daitekeen elementuak. Hezurrak, torlojuak, azkoinak, botoiak, zeramikak, sokak, oskolak, egurrak, oihalak, plastikoak, paperak, panpinak, larruak… den-denak balio dio Rekalderi artelan bihurtzeko.
Objektuak berpizten
Erabilerarik ez zuten materialak manipulatzean, objetuak berpizten dituela dio, «aurretik sumatu ezineko izatea bereganatuz». Hala, jolasaren bidez, eta ikuspuntu ludikoa erabilita, «bat-batean bizidun bilakatutako izaki bihurtzen dira» bere lanak.
Bere sormenaren bitartez, ikuslea liluratu eta txunditu gura du artista nafarrak. Erakusketarako aukeratu dituen piezek artistaren bidea azaltzen dute kronologikoki. Modu horretan, pinturarekin jardun zituen hasierako 15 urteetatik hasita, paraleloki sortutako
collage-ekin jarraitzen du.
Geroago sortutako objektu, eskultura, behe-erliebe, xilografia eta gehiagok ematen diote amaiera erakusketari.
1999. urtean,
Caja de España de Escultura saria irabazi zuen Rekaldek. Gaienera, arte plastiko eta bisualetan proiektu ezberdinak burutu ahal iza ditu Nafarroako Gobernuak emandako hainbat sariri esker. Modu horretan, aurkitzen dituen elementuak berrerabiltzen jarraitzen duela dio Marijose Rekaldek.